Berriak

2025/9/22 Cristina Enea FundazioaErakusketakEtxEKOlandaFruitOndoanHaurrakHazieraIngurumen Baliabideen EtxeaProiektuakUliako Interpretazio ZentroaUrumeako Atlas Emozionala

2025eko udazkeneko agenda eskuragarri!

Gaur, astelehena, irailak 22, udazkenean sartuko gara ofizialki. Urtaro honek ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin lotutako hamaika jarduera ekarriko ditu Cristina Eneara, erakusketak, ikastaroak eta tailerrak, bisita gidatuak, hitzaldiak eta txangoak, besteak beste. Kontsultatu agenda osoa jarraian, eta eman izena gehien interesatzen zaizkizun jarduera programatuetan.


Uda amaituta, gaur beste urtaro bat hasi dugu, udazkena. Bertan, Cristina Enea Fundazioa herritarrak ingurumenera eta jasangarritasunera hurbiltzen saiatuko da, eta inguratzen gaituen ingurunearekiko errespetu eta adeitasun handiagoa duten gizarte-ereduetarantz ohiturak aldatzea sustatuko du. Horretarako, 2025eko udazkeneko jardueren agenda argitaratu dugu gaur, era guztietako publikoentzako jarduerak, hitzaldiak, txangoak eta tailerrak biltzen dituen dokumentua.

Nisa Goiburu artista tolosarraren Latires erakusketa izango da udazkeneko agendako protagonista, naturarekin eta unibertsoarekin dugun loturari buruzko etenaldi eta hausnarketa gune bat, datorren ostiralean, urriak 3, irekiko duena. Erakusketak, gainera, hainbat jarduera paralelo izango ditu, hala nola artistak berak gidatutako bisitak.

Ikastaro eta tailerren atalean, Haziera ekimenak, haziekin eta agrokekologiarekin lotuta, Hazilana saioak, haziak erauzteko tailerrak eta Tolosako Aleka gune agroekologikora irteera aurreikusten ditu. Arte-laborategia jarduera ere egongo da, kasu honetan urtaro honetara egokitua. Parketik parkera ekimenak, bestalde, Ametzagañako parkea eta bertako txoko ezkutuenak ezagutzera gonbidatuko gaitu.

Gainera, urriaren 5ean, Cristina Enean, Mestiza Elkarteak antolatutako Liburu arteko piknika ekimenaren hirugarren edizioa ospatuko da. Bertan, Cristina Eneako ingurune pribilegiatuaz gozatzeko gonbidapena egingo zaie familiei, liburuekin, ipuin-kontalariekin eta abestiekin batera.

Uliako Interpretazio Zentroa
Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean programatutako jarduerez gain, Uliako Interpretazio Zentroan udazkeneko agenda honetan jasotako jardueretako batzuk ere egingo dira. Horrela, Ulian urtaro honetan proposatzen zaigun erakusketak habia-kutxen mundua hurbilduko digu eta hegazti-espezie jakin batzuentzat duten garrantzia azalduko digu. Txikienentzako jarduerak ere proposatuko dira, hala nola urriaren 4an egingo den Gork doktorea eta bere lagunak tailerra. Helduek, azkenik, Ulian egingo dugun urteko azken baso bainuaz gozatu ahal izango dute.

Horiek dira agendan jasotako jardueretako batzuk. Agenda osoa kontsultatzeko, sartu dokumentura jarraian. Jarduera guztietarako izen-emateak irekita, lekuak bete arte.