Aurkezpena

Aire zabaleko eremu pedagogikoak, setting edo testuinguru bereziki egokiak dira haurren garapeneko beharrak asetzeko. Izan ere, testuinguru horrek haurra benetan hazi eta ikasteko egoera edo aurredisposizio batean kokatzen baitu, modu naturalean.

Bihotz Inguru Baso Eskola.

Cristina Enea Fundaziotik bat egiten dugu Bihotz Inguru Baso Eskolako lagunek diotenarekin. Alde batetik, haurrek beren ingurunea ezagutzea, gaur egun ditugun eta etorkizunean sortuko diren ingurumen erronken aurrean jarrera aktiboa izateko ezagutzak eta gaitasunak eskuratzeko ezinbesteko ikusten dugu. Bestetik, gero eta ugariagoak dira haurrak naturarekin harremanean hezteak dituen onurak azpimarratzen dituzten ikerketak, eta hiria eta landa eremua hain banatuta dauden garai hauetan, ikastetxeetatik eta inguruan gauden baliabideetatik aukera hau eskaintzea konexio hori berreskuratzeko aukera paregabea dela uste dugu.

Horregatik, atal honetan eskola inguruko berdegune edo parkeetan lantzeko hainbat proposamen aurkeztu nahi dizkizuegu.

Proposamen hauek urtaroka sailkatu eta fitxa moduan prestatu ditugu. Bertan, mailaren araberako ariketak azaltzen dizkizuegu ikasleek modu aktiboan inguruko naturaren bitxikeriak ezagutu ditzaten. Horretaz gain, fitxen bitartez eskuraturiko edukiak finkatzeko airepeko jolas desberdinak ere iradokitzen ditugu.

Azkenik, eta aurkeztutako jarduera hauen osagarri gisa, ikastetxeetara natura erakartzeko gomendio eta ideiak ere bildu ditugu Natura eskoletara atalean.