Lorategi baten ondotik pasatzekoan edo parke bateko banku batean eserita egotean belar moztu berriaren usaina hartzea plazer handia da. Zaila da zer sentitzen den esatea, baina purifikatu, sendatu egiten gaituela dirudi; eta naturak hirian duen presentzia gogorarazten digu, naturaren eta hiriaren arteko lotura, berdearen eta asfaltoaren grisen artekoa.
Gure hirian, Donostian, biztanle bakoitzeko 21 m2 berde dugu; OMEk bizi-kalitatearen adierazletzat jartzen duenaren halako bi! Guztion esku dagoen altxor indibiduala eta kolektiboa, gure arbasoengandik oinordetzan hartu duguna, batzuetan, gure garaian sortu ahal izan duguna, beste askotan, eta ondorengo belaunaldiei herentzian utziko dieguna.
Mendiak, basoak, parkeak, lorategiak, kale eta plazetako berdeguneak; handiak, txikiak, itsasotik gertu, ibaiaren ondoan… hiri osoan, auzo guztietan da Donostiako berdea. Oso berde donostiarra da, bizia, freskoa, argitsua, ihintz eta kresal tantekin dir-dir egiten duena; eta Donostiako parke eta lorategien gidaliburu honetako orrialdeen arnasean ere hartzen dena eta haiek ezagutzera, paseatzera, botatzen duten usaina hartzera, gozatzera eta… zaintzera gonbidatzen gaituena.
Izan ere, jabetu egin behar dugu gure hiriak zer ondare bikaina duen natura aldetik, eta zenbateko garrantzia duen Donostiako berdeguneak ezagutu, daukaten balioa aitortu eta haiei kasu egiteak. Modu aproposa izango da hiriaren garapen jasangarriarekin eta klima-aldaketaren aurkako eguneroko borrokarekin daukagun konpromisoa erakusteko.
Eskuratu Donostiako Berdea. Parke eta Lorategien Gidaliburua dokumentua osorik azpiko atalean, edo kontsultatu eta eskuratu kokaleku bakoitzaren informazioa, dagokion ataletik.
Gozatu Donostiako berdeaz!