Haren azalerak ilargi erdiaren forma berezia marrazten du, izan ere, parkea Urumeak sortzen duen meandroaren ingeradara egokitu da.
Espazioa bide sigi-sagatsu batek zeharkatzen du erditik, bidegorriaren paraleloan luzatzen dena. Bertatik eremu ezberdinetara irits daiteke lauza angeluzuzeneko xendra deigarri batzuetatik. Parkearen erdialdean Kristobaldegi izeneko klausurako komentu bat dago. Bertako hormetako harri zaharrek kontrastea eragiten dute ipini diren instalazio modernoekin. Haren parean makaldi bat dago. Bertako zuhaitzak harrizko blokedun zuhaizti gertukora harrokeriaz begira daudela dirudi. Ibai ibilguaren gainean dauden behatokietatik ertzak ikus daitezke, non itsasaldien eraginak ez duen lezka, kanaberadi edota milazken presentzia eragotzi. Zume negarti, altzifre eta haritz itzel batzuk haurren jolasei bekaizkeriaz beha daudela dirudi, hondoan, Bernategi baserriaren aldamenean, pantalan batek arraunontziak uretan sartzea ahalbidetzen duen bitartean.