"Landa eta hiria sekula ez dira ura eta olioa bezain bananduta egon. Berezita baina batak bestea erakarrita mantentzen dira aldi berean, banatuta baina konbinatuta" (Fernand Braudel).
Urte askotan naturari eta nekazal munduari bizkarra emanez bizi izan den hiriko gizarte garatuan, gero eta jende gehiagok berreskuratu nahi du inguruarekin lotura. Etxeko edo hiriko baratzeak natura eta gizakia konektatzeko lehen pausoa izan daitezke.
Cristina Enea Fundazioak eta Donostia Kulturak sustaturiko etxeEKOlanda egitasmoak, baratze ekologikoak lantzen hasteko interesa duten pertsona guztientzat formazio, partaidetza eta sentsibilizazio topalekua izan nahi du. Horretarako, Donostiako kultur etxe eta udal ekipamenduetako terraza eta lur eremuetan barazkiak landatzeko espazioak prestatu ditu, modu honetan, aire zabaleko benetako ikasgela sarea osatuz.
Alde batetik, publiko orokorrarentzako jarduerak eskaintzen dira, balkoian edo etxeko terrazan landare usaintsuak, sasoiko barazkiak edo landare apaingarriak landatzeko teknikak eta ezagutzak landuz.