Datorren urriaren 18an, larunbata, Cristina Enea Fundazioak eta Donostiako Udaleko Parke eta Lorategien sailak irteera bat antolatu dute Katxolako sagarrondoak ezagutzeko. Ekimen horren helburua da baso jangarrien eredua hiriko gune desberdinetara zabaltzea, inguruko komunitateak inplikatu eta denontzako
bizigarriagoak diren berdeguneak sortzeko. Izen-emate irekiak (jarduera gaztelaniaz).
Gure hirietan gero eta ohikoagoak dira jakiak ekoizteko guneak. Hiri baratzeak, baratze komunitarioak edo balkoi-baratzeak ugaltzen ari diren honetan, gure kale eta parkeetan elikagaiak sortzen dituzten beste biztanle batzuk aurki ditzakegu: fruta-arbolak. Horren adibide dira sagarrondoak eta Aiete auzoan dagoen Katxola baserria.
Katxola ez da baserri soil bat, tolare-baserria da eta Lantxabe auzo elkarteko kideekin batera bere historia eta funtzionamendua ezagutuko ditugu familia giroan. Horren ondoren, auzolanean uzta bildu eta sortutako zukua egin eta dastatzeko aukera izango dugu. "Sagarrondoak bisitatzeaz gain, eta uzta biltzeko garaian gaudela kontuan hartuta, sagardoa egiteko prozesuan murgilduko gara, horretarako material berezia erabiliz, hala nola sagarra txikitzeko matxaka, eta txikitutako sagarrak jotzeko edo muztioa lortzeko tolarea", azaldu dute Cristina Enea Fundazioko hezkuntza sailetik.
Jarduera Asteklima Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen barruan dago, eta 10:30ean hasiko da, Katxola baserrian bertan (Paraiso kalea, 22). 3 ordu inguruko iraupena izango du eta 6 urtetik gorako seme-alabak dituzten familiei zuzenduta dago.
Izen emateak hemen.
