Berriak

2026/10/1 Ingurumen albisteak

Uhinak 2026k ezagutza zientifikoa eta kudeaketako esperientziak bilduko ditu, kostaldearen egokitzapenean aurrera egiteko

Uhinak Klima Aldaketari eta Itsasertzari buruzko Nazioarteko Kongresuak, Ficobak eta AZTI zentro teknologikoak antolatuta, komunitate zientifikoko, administrazio publikoetako eta enpresa arloko ordezkariak bilduko ditu urriaren 8an eta 9an Ficoban. Ozeanoan gertatzen ari diren aldaketak aztertuko dituzte eta, bereziki, aldaketa horiek kostaldeko eremuetan dituzten ondorioei aurre egiteko behar diren erantzunak.

Kongresuaren zazpigarren edizioak nazioarteko izaera eta ikuspegi praktikoa indartuko ditu. Horretarako, eduki zientifiko handiko bi hitzaldi nagusi eta bi mahai-inguru uztartuko ditu: mahai-inguruetan, abian diren egokitzapen proiektuak eta datozen urteetan kostaldearen kudeaketa gidatu beharko duten estrategiak eta gobernantza ereduak landuko dira.

Antonio Turiel Bartzelonako Itsas Zientzien Institutuko Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) ikertzailea izango da edizio honetako hizlari nagusietako bat. «Azken aldaketak ozeanoaren zirkulazio globalean eta Ipar Atlantikoan: gainditu al dugu jada inflexio-puntu bat?» hitzaldia emango du.

Turielek klima aldaketaren balizko azelerazioari buruzko eztabaida zientifikoa aztertuko du, hainbat aldagaitan, bereziki ozeanoari lotutakoetan, berriki ikusitako joerak abiapuntu hartuta. Eskala handiko aldaketa azkarrak aztertzeko satelite bidez lortutako informazioa erabiliko du, besteak beste.

Ikertzaileak 2014az geroztik itsasoaren gainazaleko tenperaturan eta beste aldagai batzuetan hautemandako aldaketak aztertuko ditu. Halaber, aldaketa horiek ozeanoaren zirkulazio globalean ikusitako eraldaketekin izan dezaketen lotura eta Atlantikoko Meridiano Zirkulazio Iraultzailearen (AMOC) adar atlantikoa moteltzeari buruzko eztabaida zientifikoa jorratuko ditu.

Bigarren hitzaldi nagusia Melisa Menéndez Kantabriako Unibertsitateko Ingurumen Hidraulikako Institutuko (IHCantabria) ikertzaileak emango du, «Klima aldakortasuna muturreko itsas mailako eta olatuen gertakarietan» izenburupean.

Kostaldearen kudeaketarako bereziki garrantzitsua den gai bati helduko dio: itsasertzeko inpaktuak ez dira itsasoaren batez besteko mailaren igoeraren ondorio soilik. Itsas dinamika desberdinen arteko elkarreraginak ere eragiten ditu, marea astronomikotik hasi eta olatuetaraino eta itsas denboraleetaraino. Azken horiek izaten dira, sarritan, kalte handienen eragileak.

Menéndezek klima aldaketak olatuetan eta itsas mailan duen eragina hobeto ulertzeko aukera ematen duten aurrerapen zientifikoak azalduko ditu, baita muturreko gertakarien probabilitatea eta magnitudea zenbatesteko erabiltzen diren metodoak ere. Informazio hori funtsezkoa da arriskuei aurrea hartzeko eta baldintza aldakorren mende dauden kostaldeetan egokitzapen neurriak diseinatzeko.


Informazio guztia: www.uhinak.com.