Berriak

2025/9/18

Azken sarrerak eskuragarri Mandasko dukesaren saio antzeztuetarako

Irailaren 27-28ko asteburuan egingo dira Mandasko dukesaren bisita antzeztuen azken saioak Cristina Enean. Oraindik sarrera gutxi batzuk daude eskuragarri, bai euskarazko saioetarako, bai gaztelaniazkoetarako.


2024an, Cristina Enea Fundazioaren sorreraren 15. urteurrenaren barruan, Mandasko dukesa zen Mª Cristina Brunettiri merezi zuen protagonismoa itzultzeko ekimen bati ekin zion Cristina Enea Fundazioak. Hala, hilabete bakoitzeko azken asteburuan, bisita antzeztuak antolatu izan dira Cristina Eneako finkan, Josune Gorostegi aktorearen eskutik. Aktoreak, dukesaz karakterizaturik, Cristina Enea sortzeko prozesua, garai hartako historia eta parkearen aberastasuna azaltzen zizkien parte-hartzaileei, besteak beste.

Bisita horien arrakastaren ondorioz, 2024tik aurrera saio gehiago antolatu behar izan dira, eta orain amaitutzat emango ditu Cristina Enea Fundazioak, bi egunetan banatutako 4 bisita antzezturekin. Larunbatean, irailak 27, 10:30ean bisita gaztelaniaz izango da eta 12:30ean euskarazkoa, eta hurrengo egunean ordutegiak alderantzikatu egingo dira (10:30ean euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz).

Oraindik leku gutxi batzuk geratzen dira eskuragarri saio guztietan. Sarrerak esteka honen bidez erosi behar dira, eta 2 euroko kostua dute fidantza gisa. Fidantza hori jarduerara joaten diren pertsona guztiei itzuliko zaie bonu gisa, Saretuz kontsumo arduratsuaren eta eraldatzailearen sareko zenbait establezimendutan trukatu ahal izateko.