Berriak

2025/9/12

Mugikortasunaren Europako Astea ospatuko du Donostiak, herritarrek parte hartzeko askotariko programa batekin

(Jatorrizko albistea www.donostia.eus atarian argitaratua).

Donostiako Udalak, hainbat erakunderekin lankidetzan, bete-beteko jarduera-programa bat antolatu du 2025eko Mugikortasunaren Europako Astea dela-eta. Aurten ere, irailaren 16tik 22ra egingo da, “Mugikortasuna guztiontzat” lelopean.

Edizio honetako programa Donostiako Udaleko Mugikortasun Zuzendaritzak bultzatzen du, beste erakunde batzuekin lankidetzan, besteak beste, honako hauekin: Cristina Enea Fundazioa, Dbus, Dbizi, Donostia Kirola, EHU, San Telmo Museoa, Eusko Jaurlaritza; bai eta Donostia Roller, Bizikletaz Adinik Ez, ONCE, Saretuz, Mugarik Gabe, Kalapie, Bizibidaia eta Txita elkarteen partaidetzarekin ere.

Adin guztietarako jarduerak
Irailaren 16tik (asteartea) 22ra (astelehena), tailerrak, erakusketak, ibilbideak, sentsibilizazio-kanpainak eta jarduera ludikoak egingo dira hirian, bizikletaren erabilera, garraio publikoa eta mugikortasun inklusiboa sustatzeko. 

Mugikortasunaren Astea irailaren 16an (asteartea) hasiko da: Dbusen autobus elektriko eta klasikoen erakusketa bat izango da ikusgai, flota elektrifikatzeko Bideberdea estrategiaren barruan. Aurkezpena 11:30ean egingo da Alderdi Ederren, eta bertan bi autobus jarriko dira (bata klasikoa eta bestea elektrikoa, egun erabiltzen dena), udal-flotaren bilakaera eta mugikortasun garbiago baterantz ematen ari diren pausoak ikusarazteko.

Egun horretan bertan, 10:00etatik 14:00etara, EHUko Barriola I.M. eraikinean (ikasgelategia) #FreeFashion azoka txikia egingo da: mugikortasun jasangarriari lotutako arropa eta osagarriak trukatzeko gune bat izango da, unibertsitate-komunitate osoari irekia (jarduera hori asteazken goizean, hilaren 17an, errepikatuko da). 10:30etik 13:30era bitartean, bizikletak konpontzeko tailer bat ere eskainiko da eraikineko arkupeetan. Bertan, bertaratutakoek beren bizikletak prest jartzen ikasi ahal izango dute, eta segurtasunari, lapurreten aurkako sistemei eta neurriei eta txirrindularientzako osagarri erabilgarriei buruzko aholkuak ere emango zaizkie.

Asteartean ere hasiko da kanpaina hau: "Zenbat dakizu bizikletaren erabilerari buruz? ikus ezazu"; Kalapie elkarteak antolatutakoa. Hiru jardunaldi egingo ditu (hilaren 16an, asteartea; hilaren 18an, osteguna eta hilaren 20an, larunbata) Easo Politeknikoa eta Don Bosco ikastetxeekin lankidetzan. Egun horietan, kaleko kanpaina bat egingo da hiriko hainbat tokitan, bizikletaren erabilera egokiari buruz kontzientziatzeko eta hiri-inguruneetan zirkulazio-jardunbide egokiak sustatzeko. Kanpainan zehar galdetegiari erantzuten dioten pertsonei bizikletarako argi-joko bat emango zaie.

Irailaren 17an (asteazkena), EHU izango da berriz ere goizeko programazioaren protagonista. #FreeFashion azoka txikiaren bigarren egunaz gain, 11:30etik 13:30era Bizikleta-likidogailua jarduera ere egingo da. Bertara hurbiltzen diren pertsonek, pedalei eraginez, beren energia sortu ahal izango dute, fruta freskoak erabiliz zukuak egiteko. Gero, nahi izanez gero, zuku horiek edateko aukera ere izango dute. Eta, bitartean, espazio horretan bertan, ikasleek Bizikletaz adinik ez programa zuzenean ezagutzeko aukera izango dute. Programa horrek triziklo-pasealdiak eskaintzen dizkie adinekoei eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei, era horretan, belaunaldien arteko mugikortasuna sustatzeko. 

Arratsaldean, 19:00etan, Emakumea eta Mugikortasuna: Ikuspegi Anitzak izeneko mahai-ingurua izango da San Telmo museoan. Hirian zehar egiten dituzten eguneroko joan-etorrietan bizipen eta behar desberdinak dituzten emakumezko erabiltzaileak izango dira bertan, baita ikertzaileak, eta aktibistak ere. Eta 19:30etan, DonostiRoller elkarteak ohiko RDR Ibilbidea antolatuko du: 18 kilometroko ibilbidea hiriko bidegorrietatik. Jarduera horrek Ibaetako Carlos Santamaría plazan izango du abiapuntua. 

Irailaren 18an (osteguna) Mikel Bringas zikloturista eta dibulgatzaileak bere esperientzia partekatuko du, Perun barrena bizikletan bidaiatu baitzuen, eta askoren ustez, bizikletan ibiltzeko munduko ibilbiderik onena baita hori. Hitzaldia 19:00etan izango da, Kalapie elkartearen egoitzan (Iparragirre, 8).

Gainera, Udaleko Mugikortasun Zuzendaritzak lan-jardunaldi bat egingo du desgaitasuna eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen mugikortasun-zailtasunak jorratzeko, eta jardunaldi horretatik ateratako ondorioak Udala garatzen ari den Mugikortasun Inklusiboaren Estrategian txertatuko dira. 

Azken urteetako Mugikortasunaren Asteko jardunaldi nabarmenetako bat, zalantzarik gabe, PARK(ing) Day izan da, eta aurten irailaren 19an (ostirala) izango da. Ekimen global horren helburua da aparkaleku-plazak espazio publiko bihurtzea aldi baterako. 

Donostian, sei erakundek auzo ezberdinetako hamabost plaza okupatuko dituzte, eta adin guztietarako tailerrak, erakusketak, jolasak eta jarduerak eskainiko dituzte, era berean, kale berdeagoak, seguruagoak eta ekitatiboagoak ere aldarrikatuz:

  • Donostia Kirola (9:00 h – 14:00 h): Ttipi-Ttapa ibilaldia Paco Yoldi kiroldegitik Bentaberri kiroldegira.
  • Cristina Enea Fundazioa (10:00 h – 14:00 h / Mandasko Dukea, 21): Klima-aldaketari buruzko espazio bat izango da, eta bertan, antzeztutako ekintza baten bidez, klima-aldaketari buruzko hausnarketa egin ahal izango da.
  • Mugikortasun Zuzendaritza eta Dbizi (10:00 – 14:00 / Urdaneta, 11): Dbizi zerbitzuari buruzko zalantza guztiak argitzeko gune bat (app-ak nola funtzionatzen duen, nola erregistratu, aparkalekuak nola erabili...), eta, gainera, bizikletak hurbileko geltoki batean probatzeko aukera. 
  • Saretuz (16:30 h – 19:30 h / Ramon Maria Lili, 7): Escape jolasak, kontsumo-ohiturei buruz hausnartzeko.
  • Mugarik Gabe (16:30 h – 19:30 h / Ramon Maria Lili, 9): Bizitza Jokoan erakusketa

Irailaren 20an (larunbata), TXITA enpresak antolatutako cargobike edo karga-trizikloen erakusketa bat egingo da Alderdi Ederren, 11:00etatik 14:30era. Erakusketa horretan, horrelako ibilgailuak ezagutu eta probatu ahal izango dira, hiri-garraiorako alternatiba jasangarri gisa. Egun horretan bertan, gainera, bizikletaren erabilerari buruzko sentsibilizazio-kanpainarekin jarraituko du Kalapie elkarteak.

Irailaren 21an (igandea), Bizikletaz Adinik Ez elkarteak adinekoentzako beste triziklo-pasealdi bat koordinatuko du: Alderdi Ederretik abiatuko da 11:00etan. Jarduera horren bidez, adinekoen eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi-kalitatea hobetu nahi da, pertsona horiek hiri-bizitzan aktiboki parte har dezaten sustatuz.

Eta asteari amaiera emateko, irailaren 22an (astelehena), bizikletak konpontzeko tailerraren jardunaldi berriak egingo dira EHUn, eta DonostiRollerren eskutik ibilbide lasai bat egingo da, patinajean hasiberrientzat pentsatua. Horrez gain, kolektibo zaurgarriei buruzko bi sentsibilizazio-jardunaldi garrantzitsu egingo dira:

Alde batetik, Antiguo auzoan 100 aldiz begiratu jardunaldia egingo da, Eusko Jaurlaritzak antolatuta. Ekintza horren helburua da adineko pertsonen artean bide-ezbeharrak prebenitzea; horretarako, egunean zehar, hainbat jarduera egingo dira Julio Caro Baroja plazan eta Antiguoko Jubilatuen Elkartean. 

Bestetik, ONCE elkarteak Ulertu eta barneratu jardunaldia antolatuko du Gipuzkoa plazan, 11:00etatik 13:30era. Bertan, bizipen-tailerrak eta zentzumen-zirkuituak eskainiko dira, ikusteko eta entzuteko desgaitasuna duten pertsonen errealitatea ezagutzeko.

Aurten, berrikuntza gisa, Cristina Enea Fundazioaren lankidetzari esker eta Mugikortasunaren Asteari buruzko informazioa errazago eskuratzeko, fundazioaren webguneko atal batean kontsultatu ahal izango da programa osoa.

Ikasleentzako online jarduerak
Hezkuntza-komunitatera eta gazteenengana iristeko, irailaren 16tik urriaren 1era bitartean, EHUk mugikortasunarekin lotuta sustatzen dituen online jarduera batzuetan ere parte hartu ahal izango da. Jarduera horiek ikasleei zuzenduta egongo dira: 

Ezagutu gure ibilbide aktiboak!: Bizikletaz eta oinez egiteko hainbat ibilbide, seinaleztatuak eta QR kodeekin, erraz deskargatu ahal izateko. Ibilbidea egiten duten pertsonek track-a grabatu eta plataformara bidaltzen badute, bizikleta-ibilbideetarako sariak irabazteko zozketan sartuko dira.
Mugikortasun jasangarriari buruzko testa: Mugikortasun jasangarriarekin lotutako 10 galderari erantzuten dieten ikasleak EHUDendako kirol jertseen/haizetik babestekoen edo jarduera-erlojuen zozketan sartuko dira.
Argazki-lehiaketa: Mugikortasun jasangarriarekin eta unibertsitate-campusarekin lotutako gaiei buruzko argazkiak unibertsitateko Instagrameko kontura bidaltzen dituzten ikasleek EHUDendako artikulu bat (kirol jertsea, haizetik babesteko jertsea edo jarduera-erlojua) irabazi ahal izango dute.

Mugikortasunaren Astetik harago
Mugikortasunaren Asteko programa ofizialetik kanpo, ekimen horrekin lotutako beste jarduera batzuk egingo dira. Irailaren 26an, ostiralean, adibidez, Friday Night Skate ospatuko da, 10 km-ko ibilbidea hirian zehar, patinetan. Patinak ondo erabiltzen dakiten pertsonei zuzendutako ekimena da hau. 

Bizikletaz ibiltzen ikasteko ikastaroak ere emango dira, Kalapiek antolatuta, hasiberrientzat zein trebetasunak berreskuratu nahi dituztenentzat. Tailer horiek Egiako Kalkutako Teresa plazan emango dira, irailaren 27an eta 28an, eta urriaren 4an eta 5ean. Hasiberrientzako ikastaroak 10:00etatik 11:30era izango dira, eta trebetasunak hobetzekoak, berriz, 12:00etatik 13:00etara.

Sariak, joan-etorriak modu jasangarrian egiteagatik
Aurten ere, aste horretan Dbizi bizikleta publikoaren zerbitzua gehien erabiltzen duten bost erabiltzaileak sarituko dira: irailaren 16tik 22ra joan-etorri gehien egiten dituzten harpidedunek doako abonamendu bat jasoko dute datorren urterako. Eta, gainera, sisteman erregistratutako pertsona guztiek 20 euroko opari-bonu bat jasoko dute Guidum plataformarako. Plataforma horrek hiriak errazago ezagutzeko audiogidak eskaintzen ditu, sistema malgu eta interaktibo batean oinarritzen baita.