Berriak

2025/10/30 ErakusketakUliako Interpretazio Zentroa

Habia-kutxak: hegaztientzako babeslekuak

Ulia Interpretazio Zentroak urteko hilabete gogorrenetan hegaztiei babeslekuak eta ugalketarako lekuak​ eskaintzeko sortu eta mendian jar ditzakegun kabikutxa mota ezberdinen aniztasuna erakusten du erakusketa baten bidez, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean. Martxoaren 15era arte zabalik.


Udaberria izaten da hegaztientzat habia egiteko garaia baina, goiz badirudi ere, neguan hasi behar dugu kabikutxak jartzen beraien presentziara ohitu eta ugalketa garaian erabili ditzaten. Ulia mendian, adibidez, hegazti askok zailtasunak izaten dituzte habiak egiteko, gero eta gutxiago direlako zuhaitzetako eta eraikinetako zulo naturalak; horregatik, ezinbestekoa da babesleku horiek kabikutxa moduan eskaintzea.

Iñigo García Villanueva Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak azpimarratu duenez, "erakusketa honek dibulgazioa eta ingurumen-pedagogia uztartzen ditu, gure lanaren funtsezko bi zutabe. Herritarrek gertutik ezagutzea nahi dugu hiriko eta naturako biodibertsitateari eusten laguntzen duten keinu txikien balioa, hala nola habia-kutxa bat jartzea. Horrelako ekimenek aukera ematen dute pertsonak beren ingurunearekin konektatzeko, hegaztiek gure ekosistemetan jokatzen duten papera hobeto ulertzeko eta inguratzen gaituen naturarekiko harreman errespetutsuagoa eta kontzienteagoa sustatzeko".

Habia-kutxek irtenbide erraza eskaintzen dute: espezie bakoitzerako diseinatutako aterpe txikiak. Uliako Interpretazio Zentroan ikusgai dagoen erakusketa berria, Kabikutxa: Uliako hegaztientzako etxeak izenekoak, gure mendi eta hiri-parkeetako zuhaitzetan zintzilik askotan ikusten ditugun elementu horietara hurbiltzen gaitu. "Erakusketa honek askotariko ereduak erakusten ditu — postontzi moduko klasikoetatik hasi eta sorbeltzentzat, txolarreentzat edo saguzarrentzat pentsatutakoetaraino —, eta horiek nola eraiki, kokatu eta mantentzen diren azaltzen du", azaldu du Cristina Enea Fundazioko erakusketa-proiektuen arduradun Eneko Calvok, eta gaineratu du "biodibertsitatea zaintzeko, keinu txiki batek zenbat aldatu dezakeen erakusten duen gonbidapena" dela.

Erakusketak 12 fitxa ditu, SEO/Birdlife-eko Juan Varelarekin ilustrazioak, eta bertan, kabikutxen hainbat tipologia eta mota bakoitza erabiltzen duten espezieak aurkezten dira. Oihana Orkolaga Cristina Enea Fundazioko biologo eta Ulia Interpretazio Zentroko arduradunak azaldu duenez, "postontzi motakoak dira ezagunenak eta kontserbazio-proiektuetan gehien erabiltzen direnak; forma angeluzuzena, sabai inklinatua eta aurrealdean zulo biribila dute, eta horrelako habia-kutxak ezin hobeak dira erregetxoa (Regulus regulus), kaskabeltz arrunta (Parus major) edo amilotx arrunta (Cyanistes caeruleus) bezalako espezieentzat". Era berean, Orkolagak azaldu du habia-kutxak orain kokatzen direla zuhaitzetan, "hegaztiak beren presentziara ohitu eta udaberrian habiak bertan egitera anima daitezen".

Beste kabikutxa mota batzuk ere oso erabiliak dira: aurrealde irekikoak (ezin hobeak dira txantxangorria, buztangorri iluna edo buztanikara zuria bezalako espezieentzat), tubularrak (okil iberikoa, garrapoa edo harrapari txiki batzuk bezalako espezieentzat) eta sabai-motako kabikutxak (teilatu-hegal, balkoi edo horma bertikaletarako aproposak, eta nagusiki enara azpizuria, enara arrunta edo sorbeltza bezalako espezieek erabiltzen dituzte).

Erakusketa doan bisitatu ahal izango da Ulia Interpretazio Zentroan datorren martxoaren 15era arte, honako ordutegian: larunbatetan eta igandeetan 11:00etatik 14:00etara.