2023/09/18 02:00o.
Haziera egitasmoak, bere hazi-artxiboaren eta urtean zehar antolatutako jardueren bidez, bertako hazi barietateei buruzko informazioa, bai eta hazi-aleak ere eskaini nahi dizkie erein eta ugaldu nahi dituzten guztiei. Egitasmoak haziak erauzteko auzolan saio batzuk ere antolatzen ditu, Hazilana izenekoak, artxiboko hazi-ondarea betetzeko eta esperientzia eta bizipen trukaketarako. Aurtengo Hazilana saioak irailaren 19an, 26an eta urriaren 3an izango dira.
“Haziak erauzteko partekatutako lan-jardunaldi bat da Hazilana”, azaldu du ekimeneko arduradun Marc Badalek. Hiru orduz, 16:00etatik 19:00etara, mahai baten inguruan eseri eta gai ezberdinei buruz hitz eginez (gehienetan baratzearen inguruko gaiak), haziak erauztea da jardueraren helburua. “Esfortzu fisiko handia eskatzen ez duen eskuekin eginiko lanean ari garen bitartean (artoa edo babarrunak aletzen, fruitu lehorrak kraskatzen...) solasaldi atseginean egoteko antzinako nekazal-ohitura birsortzea du helburu jarduerak”.
Badalen esanetan, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean dagoen Haziera hazi artxiboan sartzen diren haziak baino gehiago ateratzen dira, jendeak gero eta interes handiagoa duelako nork bere kabuz elikagaiak erein eta ugaltzeko, baina, ondoren, gutxik itzultzen dituzte beren baratzean lortutako hazi gutxi batzuk Hazieraren hazi-artxibora. “Hori oso datu positiboa da, Hazieraren helburu nagusia baita haziak erein eta ugaldu nahi dituen edonori bertako hazi barietateak eskaintzea, dohainik, baina horrek artxiboa lagin berriekin osatzera behartzen gaitu”. Eta horixe da, hain justu, Hazilana saioen helburua. “Azken 11 urteotan zehar jende asko etorri izan da hazi bila, eta ondorioz, gure hazi-ondareak nabarmen egin du behera. Horregatik, artxiboa berriz betetzeko esfortzu gehigarri bat egitea erabaki genuen, hurrengo ereite-sasoiari begira”, azaldu du Haziera ekimeneko arduradunak, eta gaineratu du deialdi hauekin Hazieraren dimentsio kolektiboa indartu nahi dela. Hau da, “hazien bila edota formakuntza saioetan parte hartzeko etortzeaz gain, erabiltzaileek beren hondar-alea jar dezaten artxiboa mantentzeko”.
Orotara, Hazilana saioetan 10 lagun inguru elkartzen direla azaldu du Badalek, eta, kopuru txikia dirudien arren, “kontuan eduki behar dugu hiru edo lau pertsonen artean, hiru bat orduz lanean, hazi kopuru handia erauztera iritsi gaitezkeela”. Formatu intimoago horri esker gai ezberdinei buruz lasaiago hitz egitea lortzen dutela azpimarratu du, bai eta etorritako lagunen zalantzetan sakontzea ere (hazien ugalketari buruz, ereite ekologikoa...). “Emaitza praktikoari (eginiko lana) eta sortu den giroari erreparatuz gero, oso balorazio positiboa egiten dugu”.
Saioetan erabiliko diren elikagaien inguruan galdetuta, Badalek dio garaiko produktuak erabiliko dituztela, baina ez da hori produktuak aukeratzeko irizpide bakarra. “Lehenengo bi saioetan kalabazinaren, pepinoaren, tipularen eta piperraren haziak erauziko ditugu, eta hautaketa hori ez da ausazkoa, fruituen kasuan (pepinoa, piperra, kalabazina, tomatea...) ‘artisau’ erako hazi erauzketa guztiz eskuz egin beharra baitago”. Horrexegatik, saio hauetan zehar haziak lehorrean daukaten espezie gutxi izango dira (letxuga, espinaka, aza...), kasu horietan hazi kopuru handi xamarrak etxean eultzitzeko modu eraginkorragoak egon badaudelako. Azken saioan, urriakoan, “Landetako piper gozoaren, Gernikako piperraren, kalabazin berdearen eta, agian, kalabazaren baten haziak erauziko ditugu”.
Era berean, Badalek gogora arazi nahi du Hazilanaren ordutegia 16:00etatik 19:00etara dela, baina ez dela derrigorrezkoa denbora guztian egotea. “Ni hiru orduz egongo naiz bertan, baina bakoitzak erabakitzen du zenbat denbora egon nahi, edo ahal, duen”.
Hazilana saioak irailaren 19an, 26an eta urriaren 3an izango dira, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, 16:00ak eta 19:00ak artean. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, hemen.