Igeldoko Behatokiak 100 urte baino gehiago daramatza Gipuzkoako klimari begira, ia tresna bertsuekin eta eskuz, azken mendean ia aldatu ere egin ez den ingurunean. Egunetik egunera, eta gauetik gauera, tenperatura, euri, presio, hodei mota eta bestelako aldagai meteorologikoen datuak mundu zabalera bidaltzen dira behatokitik, aurreikuspenak egiteko eta Igeldoko serie klimatologiko luzea elikatzeko.
Klimaren azterketa burutzeko, behaketa fenologikoa gehitu zaio behaketa meteorologikoari. Klimaren eta gure inguruko izaki bizidunen artean dagoen harreman hauskorra aztertu eta dibulgatu nahi da behatokitik.