Zer da?

Klimak toki baten bizitza baldintzatzen du: bere paisaia, bere erritmoak, gastronomia, ohiturak baita bertako biztanleen izaera ere. Klima aldatzen bada, gu ere aldatzen gara. Izaki bizidunek tenperatura, hezetasun eta argi aldaketei erantzuten diete urteko urtaro ezberdinetan zehar. Aldaketa horiei erreparatuz klima azter dezakegu, bai eta euren artean dagoen oreka hauskorra ulertu ere.

“Dagoeneko mimosak loratzen ari dira” edo “gaur lehenengo enara ikusi dut” esaten dugunean, behaketa fenologikoa egiten ari gara. Gune baten klima eta denboran zehar dituen aldaketak ezagutzeko tresna zehatz eta fidagarriena eskaintzen digute izaki bizidunek. Toki ezberdinetan aldizka behaketak egin eta apuntatuko dituzten behatzaile fenologiko sare bat osatuz, urtez-urte garai eta toki bateko klimaren argazki bat lor daiteke. Datu horiek denboran zehar alderatuz, gune bateko klimaren portaera ezagutuko dugu. Behaketa-serie geroz eta luzeagoa izanda, fidagarriagoak izango dira lortuko ditugun ondorioak. Fenologiak esango digu gure inguruan klima aldatzen ari den ala ez. Gainera toki bateko labore egokienak zeintzuk diren ere esango digu, edo urte hotzago edo hezeago batek uztari nola eragiten dion ere.