Berriak

2017/3/31 ErakusketakUliako Interpretazio Zentroa

Uliako loreak ezagutzeko erakusketa

Apirilak 1 honetan, larunbata, Ulia Interpretazio Zentroko erakusketa berriak ateak irekiko ditu, non argazki-sorta batek Ulian aurki daitezkeen lore ohikoenak biltzen dituen.

Udaberrian kolorez betetzen dira mendietako bazterrak. Mota, forma eta kolore askotariko loreak dira hein handi batean honen erantzule. Batzuk bereziagoak, beste batzuk arruntagoak, harrigarria da pausu gutxi batzuetan aurki dezakegun aniztasuna. Argazki erakusketa honen bitartez, Uliako bide ertz eta zelaietan hazten diren loretxoetan jarriko dugu arreta, beren bitxikeriak ezagutu eta bereizten ikasteko.

Oihana Orkolaga Ulia Interpretazio Zentroko arduradunaren esanetan, erakusketak "ez du soilik Uliako lore berezienak erakutsi nahi, baizik eta nahi duguna da ezagutzera eman Uliatik zehar gabiltzanean bide bazterretan oharkabean pasatzen diren loretxoak".

Horrela, erakusketa 20 irudiz osatua dago, beste hainbeste loretxorenak, baina "arreta ez da jartzen berauek bereizteko klabeetan; erakusketa honekin lore bakoitzaren berezitasunak eta xehetasunak erakutsi nahi ditugu, bisitariengan jakinmina sortzeko", gaineratu du Orkolagak.

Menditik bisita gidatua
Erakusketa ekainaren 25 arte egongo da ikusgai, eta jarduera paralelo gisa, lore arrunt eta ohikoenak bereizten eta desberdintzen ikasteko Uliatik zehar bisita gidatua antolatu da.

Paisaiari begiratzeko ohiturarekin gutxitan jartzen dugu arreta edozein bide ertz edo lorategitan agertzen diren loretxoei. Ulian lore aniztasun handia dago, baita lore bitxi bereziak ere. Joana García, “Guía de flores de Euskal Herria” liburuaren egilearekin batera, lore horiek identifikatu eta beren erabilera eta ezaugarri esanguratsuenak ezagutuko ditugu.

Irteera maiatzaren 27an izango da, larunbata, goizeko 11:00etan Ulia Interpretazio Zentrotik aterata. Jarduera doakoa da baina beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea (943453526 / cristinaenea@donostia.eus).

Beste albisteak

Berrien zerrendara itzuli