Urriaren 16tik 25era Euskadin Klima eta Energiaren Astea, Asteklima, ospatuko da, Ihobek antolatuta. Aurten, Cristina Enea Fundazioak duela gutxi egindako bi azterlanetatik ateratako informazio interesgarria eskainiko die herritarrei: 'Donostiarrek klima-aldaketaren inguruan duten pertzepzio sozialaren inguruko ikerketa' eta 'Donostiako Iraunkortasunaren eta Klimaren Txostena', biak fundazioaren webgunean eskuragarri.
Asteklima ekimenak, datozen egunetan hiru lurralde historikoetan egingo diren doako 200 jarduera baino gehiagoren bidez, "ekintza klimatikoa herritarrengana hurbildu eta trantsizio energetikoa azkartu" nahi du, Ihobetik jakinarazi dutenez. "Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak sustatuta, Ihobe eta EEE sozietate publikoen bidez, ASTEKLIMA 2026 programak indartu egiten du gizartea sentsibilizatzeko duen bokazioa, zorroztasun teknikoa eta partaidetza- eta dibulgazio-ikuspegia uztartzen dituen programazioarekin", azaldu dute. Zure arrastoa keinu bakoitzean hasten da lelopean, 2026ko edizioak gogoeta egitera gonbidatzen gaitu, besteak beste, mugikortasunarekin, kontsumoarekin, energiarekin edo elikadurarekin lotutako ohiturek etorkizun jasangarriago eta erresilienteago baterako desberdintasuna eragin dezaketelako.
Hala, aurten ere, Cristina Enea Fundazioak bat egiten du ekimenarekin, eta urriaren 17tik 26ra bitartean programatutako hainbat jarduera antolatuko ditu, udazkeneko agendan txertatuta, klima-aldaketarekin, ingurumenarekin eta energiarekin lotutako alderdiak jorratzeko herritarrekin. Jarduerak honako hauek izango dira:
- Aste Hau - The Week (info).
- Bihotz-Ingururekin menditik txangoa (info)
- Visita y taller exposición Pleamar (info)
- Udazkeneko arte-laborategia (info).
Kanpaina sareetan
Aipatutako jarduerez gain, Cristina Enea Fundazioak kanpaina bat jarriko du abian sareetan, egindako azken bi txostenetatik ateratako datu nagusiak herritarrei ezagutarazteko: Donostiarrek klima-aldaketaren inguruan duten pertzepzio sozialaren inguruko ikerketa eta Donostiako Iraunkortasunaren eta Klimaren Txostena. Bi azterlan horiek Cristina Enea Fundazioaren webgunean daude eskuragarri, eta ingurumen-alderdi desberdinei buruzko informazio garrantzitsua biltzen dute, hainbat ikuspegitatik. Hala, lehenengoak Donostiako herritarrek klima-aldaketari buruz duten pertzepzioa aztertzen du, eta honako alderdi hauetan zentratzen da: herritarrengan eragiten dituen emozio nagusiei buruzko ezagutza eguneratua lortzea, fenomeno horri aurre egiteko izan daitezkeen arrazoiei, arriskuei, erantzukizun-mailari, ondorioei eta irtenbide posibleei buruzko sentsazioak ezagutzea, eta bigarrena, berriz, datu objektiboetan eta Donostiako iraunkortasunari eta klimari lotutako hainbat adierazleren bilakaeran zentratzea.
Bi azterlanei buruzko datu nagusiak Cristina Enea Fundazioaren X kanalean azalduko dira, urriaren 16tik aurrera, ostirala, Asteklimaren hasieran.