Cristina Enea Fundazioak, Iraunkortasunaren eta Klimaren Behatokiaren bitartez, Iraunkortasunaren eta Klimaren Urteko Txostena argitaratu du, 2025. urteari dagokiona. Bertan, Donostiako hiri-metabolismoa zehatz-mehatz aztertzen da, iraunkortasunari dagokionez. Leire Sarobe Cristina Enea Fundazioko Iraunkortasunaren eta Klimaren Behatokiko arduradunak azaldu duenez, txosten hori, beraz, «lehen azterlana 2008an argitaratzean hasi zen analisi-sail baten azken eguneratzea da, eta, horregatik, informazio- eta kontraste-iturri baliotsua da, azken 17 urteetan datuek etengabe izan duten bilakaera ikusteko aukera ematen duena».
Txostena klima-aldaketaren aurkako borrokaren eta egokitzapenaren ikuspegitik planteatzen da. Bere barne-egitura lotu egiten da Donostiako Klima Aldaketaren aurkako Ekintza Planean (DSS Klima 2050) ezarritako jardun-eremuekin. Gainera, azterlanak beste eremu erabakigarri batzuen informazioa biltzen du hirian bizi diren, bertan lan egin edo bisitatzen duten haien bizi-kalitatea eta ongizatea ebaluatzeko. Azterlanak panel bat biltzen du 50etik gora adierazle eta datu garrantzitsurekin, izandako eboluzioa aztertuz eta lortutako informazioari buruz hausnarketa bat eginez.
Sarobek eskerrak eman nahi izan dizkie «txosten hau egiteko beharrezkoa den informazioa eman duten pertsonei; udaleko sail askotako eta beste erakunde batzuetako teknikariei, izan ere, haien ezagutzarekin eta egiten jakitearekin, 2025ean hirian gertatutakoa zehatz-mehatz ezagutzeko eta aztertzeko aukera eman baitigu».
Datu nabarmenenak
Hiriko lurzoru urbanizatuak bertako azaleraren % 32,22 hartu arren, azalera artifizializatuak udalerriko % 43,39 hartzen du.
Biodibertsitatearen babesaren ikuspegitik, Natura 2000 sarearen bitartez babesten den udalerriko azalera nabarmentzen da; sareak, kudeaketa-planaren bidez, zaindu egiten du bere kontserbazioa, eta gaur egun azalera babestuaren % 11 da, eta guztizko azaleraren % 4. Udalerriko azalera babestuak 1.678,05 ha ditu guztira, eta guztizko azaleraren % 27,53 hartzen du.
Espazio publikoaren banaketari dagokionez, bide-komunikazioko sareak azalera urbanizatuaren % 28,2 inguru hartzen du. Abiadura 30 km/h-ra edo gutxiagora mugatuta bideen % 88,5ean, bizikletek segurtasun handiagoz zirkulatu ahal izango duten “30 hiri” bat. Bizikletentzat egokitutako bideek 66,8 km hartzen dituzte; 2025ean, bizikletaz ibiltzeko egokitutako 610 metro gehiago gehitu dira. Berdeguneek azalera urbanizatuaren % 20,3 hartzen dute; 21,21 m² biztanleko.
Hiria hornitzen den uraren kalitateak gorena izaten jarraitzen du: analisien % 100k izan dituzte emaitza onak. Bestalde, Urumeako uraren kalitatearen analisiei esker gero eta hobekuntza handiagoa ikusten da ingurumen-helburuetan, bokaletik hurbilen dauden eremuetan (egoera globalaren sailkapena Ona da Santa Katalinan) eta kostaldean (egoera globalaren sailkapena Ona da Monpasen); hala ere, ibaiaren erdiko tartean, Loiolako eta Santa Katalinako zubien artean, egindako analisiek erakusten dute beherakadak daudela oraindik uraren kalitatearen indizeetan azken urteetan (egoera globalaren sailkapena Ona baino okerragoa da Loiolan 2025ean).
Kontsultatu Txostena osorik eta eskuratu ezazu lotura honetan.