Aurkezpena

HAZIERA haziak eta beren inguruko jakinduria zabaltzeko eta partekatzeko lekua da. Eskala txikiko nekazaritza mantendu, eta landutako bioaniztasunaz kezkatzen diren pertsona eta erakundeentzako topagunea.

Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean hazien artxibo berri honek landa munduari lehio bat irekitzen dio. Hurbildu nahi duzu bertara?

Duela 10.000 urtetik gizarte nekazariak landare jangarriak lurralde ezberdinetako egoera klimatikoetara egokitzen aritu dira. Prozesu luze horren ondorio da bioaniztasun landua deritzoguna: lurreko herrialde ezberdinak elikatu dituzten espezie eta nekazal barietateak. Bertako barietateek baloratzea merezi duen ondare bat osatzen dute, nekazal-ondarea, baina baita gastronomikoa ere, eta ez bakarrik gure sustrai kulturalen parte direlako, baizik eta nekazaritza ekologiko bat abiatzeko duten garrantziagatik ere.

Haziak beti izan dira guztien ondare, baina egun enpresa transnazionalek kontrolaturiko ekoizpen-bitarteko bilakatu dira. Horrela nekazariek euren zereginerako baliabide eta oinarrizko eskubide bati uko egin behar izan diote.

Horregatik, bioaniztasun landua eusteko lanean ari diren erakundeek, behin eta berriro azpimarratzen dute komunitate bakoitzaren eremuan barietate lokalak mantentzearen garrantzia.

Haziak bizitzaren erreprodukzioa sinbolizatzen badute, bertako barietateek komunitatea eta kultura herrikoia sinbolizatzen dute.