2018/11/06 08:00o.
Gero eta ugariagoak dira agrorkologia hezkuntzan lantzeko proiektuak. Esperientziarekin eta ezagutzarekin batera, zalantzak eta galderak ere handituz doaz eta zaila izaten da hausnarketak partekatzeko guneak aurkitzea. Horretarako, Cristina Enea Fundazioak Agroekologian hezitzen: zailtasunak eta indarguneak izeneko jardunaldia antolatu du datorren azaroak 19an, Nekazal Kultura Eskoletara ekimenaren baitan. Hezkuntza agroekologikoarekin erlazionaturiko pertsona eta eragile guztiei zuzenduriko jardunaldi honetan, hainbat arlo landuko ditugu, irakasleen formakuntzaren inguruan aurkitzen ditugun zailtasun eta indarguneen inguruan esperientziak konpartitu eta hobekuntzak proposatzeko.
Madrileko Germinando espazio agroekologikoko kide den Andrea Estrella Torresekin hitz egin dugu. Andreak jardunaldietan hartuko du parte "En ocasiones veo Huertos" izeneko aurkezpenarekin.
Hasteko, zer da zehazki Germinando espazio agroekologikoa?
Germinando duela hamar urte sortu zen ingurumen-hezkuntzan eta nekazaritza ekologikoaren formakuntzan ikuspegi agroekologiko batetik lantzeko hiru lagunen elkarte baten gisa. Hainbat urteko ikaskuntzaren ondoren, egun hamabi emakumerekin osatutako kooperatiba bat gara (kideak, langileak eta kolaboratzaileak), ekonomia eta hezkuntza garatzeko beste eredu batzuk daudela konbentzituak. Urte hauetan guztietan egitasmo ezberdinetan lan egin dugu eta gure lana hainbat esparruren inguruan eratzen joan gara, ondorengoetan zehaztu ditugunak: Agroekologia eta lurraldea, Formakuntza, Baratze hezitzaileak eta Komunitatearen garapena, Baratze eta Lorategi ekologikoak, Ekintzailetza eta ekitaldiak. Gainera baratzerako eta lorategirako produktu ekologikoen denda bat daukagu Madrileko erdigunean. Esparru horietako bakoitzak proiektu zehatzetan egiten du lan, eta askok elkarrekin erlazionatuta daude modu saihestezinean.
Zer lan egiten duzue ikastetxeekin?
Baratze ekologikoen eta formakuntzaren esparruak elkar gurutzatzen dira kasu honetan. Alde batetik, hainbat ikastetxetan lan egiten dugu hezitzaile agroekologiko gisa, currículumaren baitan eskola-baratzeari lotutako ekimenak dinamizatuz eta sustatuz ikasleekin jarduerak eginez, eta irakaslegoa eta ikasleen gurasoak aholkatuz ikastetxean ekimena txertatzeko... Bestetik, irakasle-taldeak edo udal teknikariak formatzen ditugu, bai eta aholkatu ere, esaterako Madrileko edo San Sebastián de los Reyeseko eskola-baratzeen Sareetan. Gainera iaz Madrileko Unibertsitate Autonomoarekin kolaboratzen hasi ginen, ikerketa-gai bezala eskola-baratzeak dituzten Gradu Amaierako Lanak tutorizatzeko.
Uste duzu garrantzitsua dela baratzea eta agroekologia gaiak ikastetxeetan lantzea? Zer onura dute?
Gure ikuspuntutik, agroekologiak agroelikadura sistemaren inguruan beharrezko hausnarketa bat planteatzen du, bere osotasunean, egungo ekoizpen eta kontsumo ereduaren erronkei tokiko soluzio partehartzaileak aurkitzea ahalbidetuz. Ezin dugu ahaztu gure elikadura, bere egungo ekoizpen eredua, banaketa, kontsumoa eta birziklaketa, gaur eguneko desoreka ekologikoa eta sozialaren arrazoi nagusienetakoa dela. Agroekologiak, hain zuzen ere, agroelikadurako gure sistemak birpentsatzeko beharra planteatzen du, jasangarriagoak, orekatuagoak eta bidezkoagoak izan daitezen. Hirien kasuan ezinbestekoa da hausnarketa hori, kontsumo-lotune nagusiak baikara, eta egun kontsumoa oso arma boteretsua da erabaki politikoetan eragiteko. Behar-beharrezkoa da beraz, hezkuntzan sakontzea ikuspegi agroekologiko batetik, eta baratzea da horretarako tresnarik egokiena.
Beste alde batetik, agroekologiaren beneta erronka da, zientzia edo mugimendu gisa, bere praktiketan ikuspegi feminista txertatzea, bai eta hezkuntzaren gaineko ikerkuntza ere. Zaintzak kontuan hartuko dituen ekonomia baten bidez (pertsonena eta ingurunearena) eta haurtzarotik hasitako hezkuntzarekin benetako aldaketa eraldatzaileak egin ahal izango ditugu.
Horrexegatik, asko gustatzen zaigu Germán llerenaren eta Mariona Espineten planteamendua; hots, zuzenean Ikastetxeko Agroekologiari buruz mintzo dena, ikastetxe baten inguruan dagoen agroelikadura sistema baten gainean hausnartzen duena, alegia. Kasu honetan, baratzeak ezinbesteko papera jokatzen duikastetxean bertan hasiera eta amaiera izanik, eta ikastetxeko hezkuntza komunitatea da aldaketa ahalbidetzen duten eragileak.
Nabaritu duzue gain honen inguruan erakundeek emandako babesa edo duten interesa hazi egin dela?
Zalantzarik gabe, bai. Gero eta baliabide, informazio eta errekonozimendu gehiago dago egitasmo eta ekimen hauekiko. Nolanahi ere, oraindik lan handia dugu egiteko. Baratzea tresna gisa erabiltzeko etorkizuneko irakasleentzako formakuntza falta da unibertsitatean bertan. Zentzu horretan, jada leku askotasn ikusten ari garena baieztatuko duten azterketak falta zaizkigu: baratzea oso hezkuntza-tresna indartsua da, ikasketa mota ezberdinak eta bestelako hezkuntza-esparruetan ematen ez diren harremanak errazten dituena. Gainera oraindik lan handia dago egiteko egitasmo hauek sustatzen dituzten erakundeen arteko koordinazioan eta komunikazioan, proiektuari eskainitako orduen edo gai honen inguruan egiten diren formakuntzen errekonozimenduaren kasuan, esaterako.
Zer esango zenieke edo nola animatuko zenituzke "bertigoa" duten irakasleak gisa honetako egitasmoetan parte hartzeko?
Urriak 25, 26 eta 27ko asteburuan Eskola-Baratzeen Estatuko Lehenengo Topaketa antolatu genuen, Helianto Kolektiboarekin batera. Leku ezberdinetako erakunde, irakasle, familia eta ingurumen-hezitzaileen artean esperientziak partekatu genituen topaketa interesgarria izan zen. Ikastetxeek aurkitzen dituzten zailtasunei buruz hausnartu genuen, ez baitira gutxi, baina ondorio garrantzitsu batera ere iritsi ginen: eskola-baratze batean garrantzitsuena giza-taldea da. Garrantzitsua da talde eragile indartsua egotea, ekimenean sinetsi dezala, ahalik eta eragile kopuru handienarekin osatua, bakoitzak ekarpenak egin ditzan, baratzearen aniztasuna bera aberastuz.
Horregatik, onartuko nioke egitasmo hauek denbora eta esfortzua eskatzen dutela, eta bidea ez dela beti erraza. Beraz gainontzeko irakasleen eta familien artean aliatuak bilatzera animatuko nuke, benetan arrakasta duten eskola-baratzeak direlako talde-eragilea anitzena eta handiena dutena. Bertigoari dagokionez, normalean formakuntza faltaren edo nekazaritzarekin harreman ezaren ondorioa izan ohi da. Zentzu horretan, esan ohi diedana da aprobetxatu beharra dutela, eta "ezaguera edo formakuntza teknikorikoaren gabezia hori" ez dadila arazo bat izan, baizik eta bere ikasleekin batera ikasteko aukera bat bilakatu dadila. Berrikuntzak egiten ausar daitezela, ikertzen eta ezaguerak handitzen joan daitezela ikasleekin eta lankideekin gauza berriak probatzen doazen heinean. Azkenik, hasieratik "denak emanda" ez ibiltzea aholkatuko nieke. Hobe da poliki-poliki helburu txikiak lortzen joatea. Eskola-baratzeak ez dauka (elikagaien) eskala handiko ekoizpena egiteko funtziorik. Bere betebeharra da natura irakasleengana hurbiltzea ahalbidetuko duen esperimentaziorako-ikasgela bat izatea; tresna bat da, ez helburu bat.
Zer uste duzu egin dezaketela erakundeek prozesu horretan irakasleei laguntzeko?
Ba hain justu horixe, irakasle-taldeei formakuntzan eta alor teknikoetan babesa eskaini, zalantzarik gabe. Baina baita curriculumaren egokitzapenari dagokionez ere, curriculumeko edukiak nola landu (natur-zientzietatik haratago) baratzearen bidez. Zentzu horretan, agroingurumen-hezitzaileen papera ezinbestekoa ikusten dugu, eskola-baratzeko eguneroko dinamizazioan eta antolakuntzan lagun baitezakete, irakasle-taldeen lana osatuz. Noski, ezinbestekoa da erakundeak ados jartzea eta irakasleek eskola-baratzeko proiektuei eskaintzen dioten denbora aintzat hartzea. Hori izan zen Tuteran egin genuen Topaketan gehien errfepikatu zen puntua. Gehienetan egitasmo mota hauek irakasle "motibatuen" ilusiotik eta altruismotik edaten dute, proiektuen beraien erresilientzia murriztuz. Beharrezkoa da baratzea beste ikasgela edo eremu bat bezala onartua izatea, zeharkakoa, IKTak edo musika-aretoa edo liburutegia diren modu berean.