2017/03/09 08:00o.
Gure hazi propioak ugaltzeko fase garrantzitsu eta zail bat da hazitegia egitea. Ereite eta zaintza teknika nagusiak, substratu mota ezberdinak, aplikatu beharreko tratamenduak eta sor daitezkeen arazoak ezagutzeko, Karabelekon lan egiten duten lagunen esperientzia eta ezaguerak ezagutzeko bertara joan ginen iragan asteartean, martxoak 7.
Eguraldi txarra eta euria izan arren, 20 lagun inguruko taldea elkartu ginen jardueran. Amaia Odriozolaren eskutik hazitegi on bat egiteko beharrezko oinarrizko ezaguerak ikasi genituen. Giro atseginean, adi egon ginen Amaiaren azalpenei eta gure zalantza guztiak galdetu ahal izan genizkion.
Lehenengo zatia teorikoagoa izan zen eta hazitegiaren ziklo begetatiboari errepasoa egin genion -ereitetik birlandaketara- eta egin beharreko lan nagusiak ezagutu genituen. Ondoren, bigarren zatian, negutegia bisitatu genuen eta lehenengo zatian azaldutako hainbat kontzeptu bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen.
Beti bezala, Karabelekok bere ateak ireki zizkigun eta bertan nekazaritza ekologikoaren inguruan egiten den lan interesgarriarekin eta esperientziarekin, haziekin eta baratzeko produktuekin gozatu eta ikasi ahal izan genuen.