Datorren astelehenean, otsailaren 21ean, Gipuzkoako Landareak eta Animaliak Babesteko Elkarteak 25 urte beteko ditu Usurbilgo lurretan dituen instalazioetan. Cristina Enea Fundazioak The Wildlife Comedy erakusketaren enkantean bildutakoa adoptatuak izateko zain dauden abandonatutako edo galdutako ehunka animalia hartzen dituen erakunde horretara bideratuko du.
Marisol Zubiaurre animalien babeserako batzordeko kideak ireki dizkigu elkarteko ateak, eta ongietorri atsegina egin digute Zuhaitz-Pe baserrian bizi diren txakur, katu, zaldi, ahuntz eta gainerako animaliek. "Batez beste 100 bat txakur eta 300 katu izaten ditugu, zaldiez, ahuntzez, ardiez eta untxiez gain... Llama bat ere izan dugu, zirku batek abandonatuta utzi baitzuen inguruko herri batean", azaldu du Zubiaurrek, eta gaineratu du elkarteak mende laurdena beteko duela datorren astelehenean, egungo babeslekua inauguratu zuenetik. "Egungo presidentearen eta herritar talde baten ekimenari esker sortu zen, Donostia inguruan babesleku egokia behar zela konturatu baitziren". Horrela, Usurbilgo lurretan kokatutako mendi honen 115.000 metro karratu erosi zituzten, eta animalia galduak edo abandonatuak hartzeko eta haien ongizaterako beharrezkoak diren zaintzak eskaintzeko egokitu zuten, norbaitek adoptatu arte.
Marisolek azpimarratu du gaur egun gizartearen gehiengoa "animaliak erostea baztertzen ari da, adopzioaren aldeko apustu garbia eginez", eta jende guztia animatzen du babeslekua eta egiten duen lana ezagutzeko bertara gerturatzera, adoptatzeko inolako konpromisorik gabe, beren lurretan paseatzeko, elkarteak egiten duen lana ezagutzeko eta instalazio horietan dauden animalia guztiak gertutik ikusteko. "Txakurrentzako eta katuentzako etxolak ditugu, bai eta elkarteko langileentzako bulegoak, gure animaliak eta kanpokoak artatzen ditugun albaitaritza-klinika, X izpien gela, ebakuntza-gela...".
Cristina Enea Fundazioak, The Wildlife Comedy erakusketan ikus daitezkeen irudi eta argazkien enkantearen testuinguruan, bildutakoaren erdia emango dio Gipuzkoako Animaliak eta Landareak Babesteko Elkarteari, eta beste erdia, berriz, Save Wild Orangutans elkarteari. Enkantean parte hartu ahal izango da Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxera joanda, martxoaren 3ra arte.