Gaur, irailak 23, hasi da udazkena ipar hemisferioan. Egunak laburtu egiten dira eta tenperaturak behera egiten du, baina Cristina Enea Fundazioan kultur eskaintza ez da murrizten, eta datozen 3 hilabeteetan dozenaka jarduera, proposamen eta ekimenek ingurumenaren kontzientziazioan eta sentsibilizazioan murgiltzeko aukera eskainiko diete herritarrei. Izen emateak zabalik hemen.
Gaur goizaldeko 02:05ean urtaro berri bat estreinatu dugu: udazkena. Udako egun beroen ondoren, udazkenak tenperatura freskoagoak eta urte amaierarako egun laburragoak eskaintzen dizkigu. Urte sasoi honetarako, Cristina Enea Fundazioak jardueren agenda oso bat prestatu du, urtez urte errepikatzen diren jarduera klasikoak eta aurreko kultur eskaintzak hobetzen eta indartzen dituzten proiektu eta ekitaldi berritzaileak uztartzen dituzten proposamenez eta ekimenez betea.
«Udazkenak berriro erakusten digu sentsibilizazioak eta ingurumen-hezkuntzak ez dituztela urtaroak ulertzen. Cristina Enea Fundaziotik lanean jarraitzen dugu herritarrei programazio anitza, eskuragarria eta kalitatezkoa eskaintzeko, gure ingurunea hobeto ezagutzeko eta aurre egin beharreko ingurumen-erronkei buruz hausnartzeko aukera emango diguna», adierazi du Iñigo García Ingurumen zinegotziak.
Ildo horretan, Garciak nabarmendu duenez, «datozen hilabeteetako programazioak naturarekin harreman zuzena duten erakusketak, tailerrak, hitzaldiak, txangoak eta jarduerak uztartzen ditu, adin guztietako jendearentzako proposamenekin. Cristina Eneak eta Uliak elkartzeko, ikasteko eta parte hartzeko guneak izaten jarrai dezaten nahi dugu, herritarrek gure natura-ondareaz goza dezaten eta, aldi berean, ondare hori kontserbatzen laguntzeko tresnak eskura ditzaten».
Erakusketen atalean, hiru izango dira Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxearen barruko eta kanpoko espazioak hartuko dituztenak. Alde batetik, kanpoaldean, Pleamar: arrantzaren eta akuikulturaren iraunkortasuna sustatuz erakusketa dago, Biodiversidad Fundazioarekin elkarlanean antolatua; Cristina Enea jauregiko barruko aretoetan, berriz, Tokiko artoak eta Urumeako Atlas Emozionala erakusketak egongo dira, lehena elikagai horrek Euskal Herrian izan duen historiari buruzkoa; bigarrena, berriz, izen bereko proiektuaren azken puntua da, herritarrak Urumea ibaiarekin lotzen dituzten bizipen, esperientzia eta emozioei buruzkoa.
Hitzaldien atalean, tokiko artoari buruzko erakusketarekin lotutakoez eta udazkenean haziak ateratzeari buruz egin ohi diren jarduerez gain, aurten hiru jardunaldiz osatuta The Week ekimena antolatuko da, Planeta hau elkartearekin elkarlanean. Hiru saio horietan, gauden larrialdi klimatikoaren esparruan dauden arriskuak eta alternatibak aztertzen dituen dokumental bat ikusiko da, eta, ondoren, fenomeno horren aurrean emozioei eta sentsazioei buruzko eztabaida eta hausnarketa egingo da partehartzaileekin.
Ikastaro eta tailerrei dagokienez, Arte Laborategiak itzuliko dira, oraingoan txirikordatze teknika landuko da. Gainera, Kriminologiaren Euskal Institutuarekin lankidetzan, Co-construir con la naturaleza respuestas victimales jardunaldia antolatu ahal izango da Cristina Enean.
Azkenik, Añarbeko presara txangoak, Urumea ibaiaren ibarretik ibiliak, Miramongo parkea ezagutzeko irteerak eta basoko bainuen saioak daude aurreikusita, besteak beste, Cristina Enea Fundazioaren webgunean kontsulta daitezkeenak.
Uliako Interpretazio Zentroa
Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxearen eskaintza zabal horretaz gain, Ulia Interpretazio Zentroak datozen hiru hilabeteetarako jarduera eskaintza oso bat ere diseinatu du.
Horrela, urriaren hasieratik, Animalia-koreografiak erakusketa bisitatu ahal izango da. Bertan, Nuria Solsonaren irudiekin egindako panelen bidez animalien mugimenduari buruzko bitxikeriak jasotzen dira. Urrian, halaber, eta Hegaztien Egunarekin batera, Paper artean hegan haurrentzako tailerra egingo da. Bertan, Uliako basoko txoriak ezagutuko ditugu, eta gure irudimenarekin liburu txiki bat sortuko dugu, haiei buruzko gure historia gustukoena jasoko duena.
Eta, ohi bezala, abenduan baso bainu saio bat egingo da, Uliako basoan jarduera gidatu baten bidez naturarekin konektatu ahal izateko.
Kontsultatu jarduerei buruzko informazio guztia albiste honekin batera doan artxiboan.