Ekimena Saretuz elkarteak antolatu du larunbat honetan, irailaren 27an, 11:00etan Uliako lore-baratzean, eta bere helburua da bizitza zaintzen duten errespetuzko erritmoekin berriro konektatzeko espazioa eskaintzea herritarrei.
Egungo garai hiper-azkarretan denboraren kontzeptua produktibitatearekin lotu ohi da, lana denboraren erdigunean kokatuz eta naturaren denborak eta erritmoak kontuan hartu gabe. Horri buruz hausnartzeko eta erdigunean bizitza bera, zaintza, sormena eta geure burua kokatzeko, saio berezia antolatu du Donostian kontsumo eraldatzailea sustatzen duen Saretuz sareak, zeinaren kide ere baden Cristina Enea Fundazioa.
Urtero gai zehatz bati buruz hausnartzeko ekimena jarri ohi du abian Saretuzek, eta aurten, hain zuzen ere, denboraren kudeaketa jasangarria da landu nahi duena, Denbor-bor izeneko festan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, "denbora sistemak eratu duen egiturara egokitu behar dugu denok, alegia, lana eta produktibitatea daude erdigunean, horrek dakarren kostu fisiko eta emozionalarekin, baina uste dugu denboraren diseinua aldatu behar dela, eta espazio gehiago eskaini norbere buruari".
Horrexegatik, larunbatean egingo den festan, denboraren kudeaketa adeitsuagoaren aldeko ekimenak sustatuko dira, giro atseginean, eta, besteak beste, "haurrentzako yoga saioak, baratze tailerrak eta 'Geure gorputzean eta etxean burujabe' liburuaren aurkezpena" antolatu dira, baina baita ere "ezer ez egiteko txokoa" ere, guztia denbora beste moduan bizitzen hasteko.
Jarduera gehienak irekiak dira eta ez da aldez aurretik izena eman behar, baina gutxi batzuetan inskripzioa beharrezkoa da. Informazio guztia hemen.
Hitzordua larunbatean izango da, irailaren 27an, Uliako lore-baratzean, goizeko 11:00etan hasita eta 14:00ak arte.