Cristina Enea Fundazioaren udako agendan jasotako hainbat jarduera didaktikok girotuko dute uztaileko bigarren astea, Cristina Enean, Ulian eta Urgullen. Kontsultatu jarduerak jarraian. Izen-emateak irekita.
Uztaileko bigarren astea ekitaldi ugariz beteta dator, mota guztietako ikusleen gozamenerako. Jarraian, horiek guztiak zehazten dira. Jarduera hauez gain, egunero eskulanak eta tailerrak egiteko aukera dago bai Ulia Interpretazio Zentroan, bai eta Urgulleko Natur Txokoan. Era berean, uda osoan zehar Cristina Enean bi erakusketa daude ikusgai (Intsektuak eta Hari gorria izenekoak) eta Ulia Interpretazio Zentroan beste bat (Natura ere bagara).
Eguna: uztailak 8, asteartea
Ordua: 17:00ak.
Lekua: Urgulleko Natur Txokoa
Izenburua: Urgulleko detektibeak (+5 urte)
Deskribapena: Duela egun batzuk Urgullen gertaera misteriotsu bat eman zen, eta Donostiako udaltzaingotik deitu digute kasua argitzeko laguntza eskatuz.
Egunero bezala Joxepi Goikoetxea bere txakur Pinttorekin paseoa ematen ari zen. Txakurra bistaz galdu zuen momentu batean desagertu egin zen. Ez dago bere arrastorik. Egunero pertsona berdinak topatzen ditu Joxepik Urgullen, ordu eta toki berean beti. Orain guztiak dira susmagarri. Urgull mendian bertan pistak bilatu beharko ditugu ea kasua argitzea lortzen dugun. Prest al zaudete detektibe lanak egiteko?
Eguna: uztailak 9, asteazkena
Ordua: 17:00ak.
Lekua: Urgulleko Natur Txokoa
Izenburua: Hosto eta lore zintzilikarioak (+5 urte)
Deskribapena: Urgulleko zelaietatik emango dugun paseoan hosto eta loreak bilduko ditugu, hauek erabiliz irudiak sortu eta azkenik zintzilikario bihurtu koloretako bolatxoak erabiliz.
Eguna: uztailak 11, ostirala
Ordua: 22:30ak.
Lekua: Arriaga parkea (Altza)
Izenburua: Aire zabaleko udako ingurumen-zine zikloa: “La vida de Pi”
Deskribapena: Ozeano Barean ontzi bat hondoratu ostean, Indiatik Kanadara zihoan zoo bateko zaindariaren 16 urteko semea den Pi indiar gazteak (Suraj Sharma) erreskate txalupatxo bat topatu eta bertan biziraun duen izaki bakarra topatu du, bengalako tigrea. Biek batera, ezusteko abentura eta harreman harrigarri bati ekingo diote.
Eguna: uztailak 12, larunbata
Ordua: 11:00ak.
Lekua: Cristina Enea
Izenburua: Udako arte laborategia
Deskribapena: Naturan oinarritutako tailer artistikoa. Urtaro bakoitzak eskaintzen dizkigun elementuak baliatuko ditugu gure obrak sortzeko.
Udan gyotaku teknika ezagutuko dugu, Japoniako antzinako arrantzaleek egun bakoitzean harrapatzen zituzten piezarik onenak erregistratzeko erabiltzen zuten inpresio naturaleko metodoa. Teknika artistiko hau paper edo oihal gainean tintaz bustitako arrainak eta beste itsas espezie batzuk estanpatzean datza.
Jarduera honetan, parte-hartzaile bakoitzak bere oihal-poltsa estanpatuko du arrain eta algekin.
Eguna: uztailak 12, larunbata
Ordua: 11:30ak.
Lekua: Ulia Interpretazio Zentroa
Izenburua: Lurra, ura eta airea (+5 urte)
Deskribapena: Ulia lurrak, urak eta aireak bat egiten duten txoko berezia da. Leku aproposa elementu hauek ikertzeko, eta beren propietateak aztertuz jolas eta esperimentu dibertigarriak egiteko. Gainera, airearekin jolasean jarraitzeko proposamen polit bat eramango dugu etxera.