Berriak

2025/4/7 Cristina Enea FundazioaIngurumen Baliabideen EtxeaUliako Interpretazio ZentroaUrgulleko Natur Txokoa

Cristina Enea Fundazioak egitarau betea eskaintzen du udaberriko oporraldirako, haur nahiz gazteei zuzendua

Udaberrian murgilduta gauden honetan, Aste Santuko eta Pazkoa Asteko oporraldian eskaintza berezia eskainiko du Cristina Enea Fundazioak, Donostian kudeatzen dituen 3 udal ekipamenduetan. Jarduerei apirilaren 14an emango zaie hasiera, Urgull mendiko Natur Txokoaren irekierarekin, baina ekintzak Ulia Interpretazio Zentroan eta Cristina Enean bertan ere garatuko dira. Donostiako Udaleko Aniztasun, Inklusio eta Ingurumen zinegotziak, Iñigo Garcíak, horrelako proposamenak nabarmendu nahi izan ditu, «aisialdiaz gozatzera gonbidatzen gaituztenak ingurune natural eta libre batean, non haurrek eta gazteek aldi berean ikasi eta ondo pasa dezaketen, beren sormena, jakin-mina eta naturarekiko lotura garatuz». Garcíak azpimarratu duenez, «funtsezkoa da, arlo publikotik, familia guztientzako kalitatezko espazio irisgarriak bultzatzen jarraitzea, batez ere oporraldietan».

Cristina Enea Fundazioko hezkuntza-departamentuko teknikari Uxua Aranaren esanetan «jardueren helburua da haur eta gazteak ingurumenera gerturatzea udaberriko oporraldian ere, jarduera ludiko eta didaktikoen bidez».

Egitaraua, esan bezala, apirilaren 14an hasiko da. Egun horretatik apirilaren 27ra egunero irekita egongo da Urgulleko Natur Txokoa (astelehenetik ostiralera 16:30 eta 18:30 artean, eta larunbat eta igandetan 11.00etatik 13:30era) eta bertaratzen direnek hiru ekintza ezberdin egiteko aukera izango dute. «Alde batetik, Natur Txokoa irekita egongo den ordutegiaren barruan, eskulanak egin ahalko dituzte bertaratzen direnek, batik bat birziklatutako materialekin aisialdiko jarduera didaktiko dibertigarriak eginez», azaldu du Aranak. Bestetik, nork bere kabuz egiteko jarduerak ere eskuragarri izango dituzte gazteenek, besteak beste «Urgulleko altxorraren bila eta orientazio ibilbideak».

Amaitzeko, astearte eta asteazkenetan, ondoren zehazten diren jarduera bereziak izango dira, arratsaldeko 17:00etan (jardueretan parte hartzeko ez dago aldez aurretik izena eman beharrik):

· Apirilak 15: Poltsikoko baratzeak (6-10)
· Apirilak 16: Airearekin jolasean (6-10)
· Apirilak 22: Maren, Urgulleko zaindaria (4-7 urte)
· Apirilak 23: Piraten altxorraren bila (4-7 urte)

Jarduerak Ulia Interpretazio Zentroan
Udaberriko oporraldiko egitaraua Ulia Interpretazio Zentroan ere eskainiko du beste behin ere Cristina Enea Fundazioak. Bertatik, naturari begiratzen ikasteko proposamena  helarazten zaie gazteenei, Ulia hobeto ezagutzeko jarduera didaktikoen bidez, apirilaren 17tik 21era luzatuko den programazio berezian. Oihana Orkolaga Ulia Interpretazio Zentroko arduradunak azaldu duenez, jarduerok «5 urtetik gorako haur eta gazteentzat dira egokiak, eta ekintza manipulatiboak, basotik irteerak eta jarduera didaktikoak» uztartzen ahalegindu dira. Udaberriko oporraldi honetako ordutegia zabalagoa izango da Ulia Interpretazio Zentroan, goizean 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldetan 17:00etatik 19:00etara, 

Ulia Interpretazio Zentroko ekintzak ondoren zehazten dira (denak goizeko 11:30ean izango dira eta aldez aurretik izena eman beharra dago www.cristinaenea.eus webgunean bitartez):

· Apirilak 17: Xarma labanda
· Apirilak 18: Enararen abenturak
· Apirilak 19: UliaOK
· Apirilak 20: Oasi bat basoan?
· Apirilak 21: Loreontzi banda

Horrez gain, udaberritik hasita, aurrerantzean Kuxkuxeroen kit-a izeneko edukia egongo da erabilgarri Ulia Interpretazio Zentroan eta Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean. Kit horren bidez (bina kit egongo dira kokaleku bakoitzean), natura eta bertako elementuak esploratzaile begiekin behatu eta esploratzeko materiala izango dute eskuragarri familiek. Horrela, heldu baten nortasun agiria fidantza gisa utzita, iparrorratza, lupa, animalia eta landareen gidatxoak, xomorroak harrapatzeko gailuak eta bestelako elementuak erabiltzeko aukera izango da. Erabilera doakoa izango da eta harreran bertan egin beharko da eskaera.

Jarduerak Cristina Enean
Aipaturiko bi udal ekipamendu horiez gain, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean ere ekintzak egiteko aukera izango da oporraldi honetan.

Gorago aipaturiko Kuxkuxeroen kit-az gain, apirilaren 25ean, ostirala, nork bere artista-liburua egiten ikasteko tailerra izango da. Ekintza hori Cristina Enean udaberri honetan ikusgai dagoen 'Hosto-orri artean' erakusketaren jarduera paraleloetako bat izango da. 

Jarduera honetan, liburu arrunt bat benetako arte-lan bihurtzeko teknikak ikasiko dituzte parte hartzen duten haur eta gazteek. «Eskura izango ditugu beharrezko materialak, baina gomendatzen dugu bakoitzak bihurtu nahi dituen liburuak ekartzea», azaldu du Eneko Calvo Cristina Enea Fundazioko erakusketa-proiektuetako teknikariak, eta gaineratu «tailer hau aukera ezin hobea da nork bere sormena esploratzeko».

Jarduera hauei buruzko informazio guztia eta izen-emateak www.cristinaenea.eus webgunean, Agenda atalean.