Berriak

2026/9/25 Haziera

TOKIKO ARTOAK. Erakusketa batek elikagai horren aldaerak, kokalekuak eta berezitasunak balioan jarri nahi ditu

Cristina Enea Fundazioak, Haziera proiektuaren bidez, erakusketa bat ireki du Ingurumen Baliabideen Etxean. Bertan, euskal isurialde atlantikoan bizirik dirauten 27 tokiko arto-barietateei buruzko informazioa biltzen da, "mirari txiki bat", arduradunen arabera, oinarrizko elikagai horren barietate gehienak desagertu egin baitira gure inguru hurbilean. Erakusketa abenduaren 21era arte egongo da ikusgai Cristina Enean.


Artoa garrantzi handiko elikagaia izan da Euskal Herriko isurialde atlantikoko nekazaritzan eta sukaldaritza-kulturan. Azken urteotan, ordea, laborantza izugarri jaitsi da, kontsumoa murriztu den bezala.

Prozesu horren ondorioz, azken mendeetan gure landa-inguruneko herri eta haranetan egokitu diren arto-barietateak desagertzen ari dira. Tokiko arto-barietateak ugaltzen eta mantentzen jarraitzen duten pertsonak gero eta gutxiago direla ikusita, 2025ean prospekzio-lan txiki bat egin zen Basaburu Ttikia, Baztan, Bortziriak eta Malerreka ibarretan landatzen diren barietateak identifikatzeko.

Lan horren esparruan, tokiko 27 arto-barietate identifikatu ziren, lehen karakterizazio bat egin zen eta barietate horietako bakoitza desagertzeko arriskuan zein neurritan dagoen aztertu zen. 27 barietate horiek "mirari txiki bat" dira Marc Badalentzat, Cristina Enea Fundazioko Haziera proiektuaren arduradunarentzat; izan ere, azken urteotan, Haziera egitasmoaren lanaren zati handi bat landatutako biodibertsitatearen inguruko lan eta hausnarketara bideratzen da.

Dauden lurraldeetako ingurumen-baldintzetara ondo egokitutako barietateak dira, oso interesgarriak ezaugarri organoleptikoen ikuspegitik (usaian, zaporea, kolorea), eta aukera asko eskaintzen dizkiete tokiko ekoizle eta laborariei.

Badalek gogorarazi du barietate gutxi horiek "zaintzen" dituzten pertsonak adinean aurrera doazenak direla, eta dagoeneko etxe gutxitan egiten dela artoa; horregatik, produktu hori arrisku larrian dago. Zentzu horretan, Badalek Zubietako herri-errotaren lana goraipatu nahi izan du. «Ezaugarri horien adibide bakarra da Euskal Herrian, eta ziurrenik Europan, gehienak erabilera pribatukoak baitira».

Tokiko 27 elikagai-barietateetako bakoitzaren ezaugarriak jasotzen dituzten fitxa eta irudiez gain, tokiko artoari buruzko hiztegi txiki bat ere jasotzen du erakusketak, kontsulta gisa, eta urriaren 29an Marc Badalek berak herritarrei irekitako ekitaldi batean aurkeztuko ditu tokiko arto-barietateen inguruan iaz egindako azterketaren emaitzak.