Berriak

2025/7/1 Urgulleko Natur Txokoa

Urgulleko Natur Txokoak egunero irekiko ditu ateak udan, haur eta familientzako jarduera eskaintza zabalarekin

Urgull mendiko Gobernadorearen Bateriaren plazatxoan dagoen natur gelak hainbat jolas eta aisialdi-jarduera eskainiko ditu egun osoan zehar bertara hurbiltzen diren familia guztientzat. Astearte eta asteazkenetan, 17:00etan, jarduera bereziak antolatuko dira inguruan.


Natur Txoko natur gelak, Urgull mendiko Gobernadorearen Bateriaren ondoan dagoen plazatxoan, uztailaren 1ean irekiko ditu ateak eta asteko egun guztietan egongo da zabalik (11:00-14: 00 eta 16:00-19: 00) abuztuaren 31ra arte. Familientzako aisialdi hezitzailerako doako proposamena da, eta ikasgelaren barruan dauden materialez eta jolasez gozatu ahal izango dute, bai eta inguruko naturguneetan aire zabalean egiten diren jarduerez ere.

Iñigo García Villanueva Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotziaren hitzetan, "Natur Txokoa udako entretenimendu proposamen bat baino askoz gehiago da. Udako hilabeteetan familien kontziliazioa errazteko tresna bat da, eta, aldi berean, gure hiriko espazio naturalak komunitatean ezagutzera gonbidatzen ditu, askotan ezezagunak direnak baita donostiar askorentzat ere".

"Donostiako haurrak beren ingurunearekin lotuta haztea nahi dugu, txikitatik hiriko parke, mendi eta txoko berdeekin ohitzea, eta horiek errespetatzen eta baloratzen ikastea", gehitu du García Villanuevak. "Honelako jarduerek Donostia jasangarriagoa, inklusiboagoa eta hurbilagoa eraikitzen laguntzen digute".

Bestalde, Uxua Arana Cristina Enea Fundazioko teknikariak azpimarratu duenez, "Natur Txokoa zabalik egongo da udako egun guztietan goiz eta arratsaldez, eta edozein familia hurbildu ahal izango da nahi duenean; izan ere, jolasak, denbora-pasak eta eskulanak izango dira, doan eta bi hezitzaileren laguntzarekin egiteko".

Gelaren barruan dagoen materialaz gain, Gobernadorearen Bateriaren parkean hainbat "txoko" egongo dira hamakekin, liburuekin, mahaiekin eta objektu natural edo birziklatuekin, horiekin askatasunez jolastu edo atseden hartzeko, birziklapena, jasangarritasuna eta ingurumenarekiko errespetua bezalako balioak sustatuz. Hain zuzen ere, hainbat txoko sortuko dira Natur Txokoa doan eta irekita dagoen edozein ordutan jolastu edo jarduerak egin ahal izateko.

Zehazki, material naturalak eta birziklatutako elementuak erabiliko dira hainbat jostailu eta artelan egiteko. "Izan ere, Natur Txokoa leku ezin hobea da inspirazioa bilatzeko eta sortzeko. Bertan eskulanak zure kasa egiteko behar duzun material guztia izango duzu", adierazi du Aranak.

Beraz, eraikinaren barruan zein kanpoan jolasteko aukera egongo da, bisitatzen duten pertsona bakoitzaren denboraren eta nahien arabera. Izan ere, Aranak adierazi duenez, "jendeak ondoko parkean jolas eta goza dezan saiatuko gara, aire zabalean baita, baina dena eguraldiaren araberakoa izango da, barruan oso fresko baitago eta bero egiten badu ere asko goza baitaiteke. Gelako hezitzaileek kanpoan zein barruan egingo dute lan".

Jarduera bereziak, astearte eta asteazkenetan
Udako egun guztietan gozatu ahal izango diren jolas eta denbora-pasez gain, Cristina Enea Fundazioak jarduera ludiko berezien egitarau zabala eta askotarikoa antolatu du astearte eta asteazkenetan, 17:00etan. "Jardueretako batzuk hiru urtetik gorakoentzat dira, pertsonaiekin, ipuin formatoan... Eta beste batzuk, berriz, bost urtetik gorakoentzat, konplexutasun pixka bat dutelako, eskulanak direlako. Horrela banatu ditugu, baina egia da adin guztietako haurrak datozela eta guztiak ongietorriak izango direla", dio Aranak.

Aurtengo programazioak mota guztietako jarduerak biltzen ditu, horietako batzuk berritzaileak eta beste batzuk iaztik errepikatuko direnak, Urgull mendiarekin lotuta ingurumenaren ingurukoak baitira, hala nola 'Urgulleko maitagarriak', 'Urgulleko koloreak', 'Urgulleko detektibeak', 'Maren, Urgulleko zaindaria' eta 'Sebastiani sugandila eta bere narrasti koadrila'. "Jarduerak mendian zehar banatu ditugu, helburua Natur Txokotik atera eta Urgull hobeto ezagutzea delako. Gainera, kokapena aprobetxatzen dugu Urgulleko flora eta faunari balioa emateko, jolasen eta hainbat pertsonaiaren bidez; izan ere, gure mendiak eta Santa Klara uharteak beren ingurumen-berezitasunak dituzte”.

Kolore eta usainekin jolasten duten jarduerak ere izango dira: "Urgulleko koloreak" edo "Urgull zentzu handiz" zentzuetan zentratuko dira: naturan kolore ezberdinek zer esan nahi duten, engainu optikoak... Intsektuen gaineko jarduera ahaztu gabe".

Udako irekiera eta itxiera: Urgulleko baratzea
Bereziki esanguratsuak izango dira 'Ongi etorri Natur Txokora!' irekiera eta 'Uzta Festa' Natur Txokoaren itxiera jaiak, izan ere, irekiera ekitaldian hainbat barazki landatuko dira Natur Txokoaren sarreran dagoen baratze txikian. Ondoren, itxi aurretik, abuztuaren 27an, zehazki, uzta bilduko da eta ekitaldira joan diren pertsonen artean banatuko da. "Baratze txiki bat jarriko dugu martxan, eta lehen egunean hainbat barazki landatuko ditugu, hala nola letxugak, piperrak edo kalabazina, uda partean hortik igarotzen den jendeak zaindu ditzan, eta, azken jaian, uzta jasoko da".

Nabarmentzekoa da jarduera guztiak euskaraz egingo direla eta haurrek pertsona helduekin batera joan beharko dutela uneoro.