Berriak

2025/7/2 Erakusketak

Cristina Enea Fundazioak \"Intsektuak\" erakusketa aurkeztu du, naturaren mundu txiki eta liluragarriena ezagutzeko gonbidapena

Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxeak ‘Intsektuak’ erakusketa hartuko du ekainaren 21etik irailaren 14ra bitartean, familiak intsektuen munduaren aberastasun, aniztasun eta konplexutasunera hurbiltzeko doako aukera. Erakusketa Cristina Enea Fundazioaren eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren arteko lankidetzaren emaitza da eta datorren irailaren 14ra arte egongo da ikusgai.


«Cristina Eneako egoitza leku ezin hobea da gure hirian ingurumen-zabalkundea egiteko, eta erakusketa hau horren adibide bikaina da. Intsektuak erakusketak aukera ematen digu izaki txiki horiek planetaren orekan duten garrantzia berraurkitzeko, modu hurbilean eta eskuragarrian. Plan ezin hobea da udan familian gozatzeko, modu ludikoan ikasten eta esploratzen, Cristina Enea parkean», nabarmendu du Iñigo García Villanueva Ingurumen zinegotziak.

Ibilbide atsegin, irisgarri eta ikusizko eta zentzumenezko baliabidez beteriko baten bidez, erakusketa berezi honetara hurbiltzen diren pertsonek erabat ezezaguna zaigun mundu baten alderdi ugari ezagutu eta esperimentatu ahal izango dituzte: intsektuena. Izaki horien forma eta kolore harrigarrienetatik hasi eta hainbat ingurunetara egokitzeko estrategia sofistikatuetaraino, hori guztia Cristina Enea parkearen bihotzean aurkitu ahal izango da.

Izan ere, erakusketa ikuspegi inklusibo eta parte-hartzailetik sortu da: testuak irakurketa errazera egokituta daude eta pieza asko ukitu ere egin daitezke, esperientzia zuzenagoa eta esanguratsuagoa ahalbidetuz. Eneko Calvo Etxarte erakusketa-proiektuen teknikariak azpimarratu duenez, «erakusketa hau guztiz bat dator publiko guztientzat pentsatutako kalitatezko ingurumen-dibulgaziorako dugun bokazioarekin. Biodibertsitatea arriskuan dagoen une honetan, uste dugu funtsezkoa dela honelako espazioak sortzea, txikiari hurbiletik begiratzera gonbidatzen gaituztenak, askotan oharkabean pasatzen dena, eta, hala ere, planetako bizitzari eusten diona».

Erakusketa Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoak ekoitzi du, eta narratiba argi eta inguratzailearekin diseinatuta dago. Informazio-panelen, proiekzioen, ukipen-elementuen, lupen, material grafikoen eta 3Dko piezen bidez egituratzen da. Horiei esker, jendeak modu aktiboan jardun eta sakondu dezake edukian. Marie-Anne Reynell Zientzia Museoko garapen zuzendariak dioenez, «pertsona guztientzako leku atsegina izatea nahi izan dugu, salbuespenik gabe».

Erakusketa Cristina Eneako udako programazioaren parte da eta doan bisita daiteke. Aukera paregabea da intsektuak, gure ekosistemetako protagonista isil baina funtsezkoak, ezagutzeko, miresteko eta, batez ere, errespetatzen ikasteko.