Datorren azaroaren 22an, Cristina Enea Fundazioak irteera bana antolatu du oinez, euskaraz eta gaztelaniaz, Urumea ibaiaren ibarrean barrena, sarri gure arretatik kanpo gelditzen den inguruneko ingurumen-, kultura- eta etnografia-aberastasuna ezagutarazteko eta balioesteko. Izen-emate irekiak www.cristinaenea.eus helbidean.
Historikoki, Urumea ibaia Donostiaren ardatz egituratzailea izan da. Bertako uretan eta ertzetan biztanleen bizitzak markatu dituen historia eta kultura garatu da, ibaiarekin lotutako hainbat alderdiri buruzko emozioak eta esperientziak, bizipenak eta oroitzapenak eskainiz: jada ahaztuta dauden lanbideak, auzoetako jaiak eta erromeriak, ingurune natural pribilegiatuan bizi diren animaliak eta landareak...
Hori guztia jasotzen da bai Cristina Enean egunotan ikusgai dagoen erakusketan (Urumeako Atlas Emozionala), bai proiektu horri lotuta argitaratu den argitalpenean, bai Cristina Enea Fundazioak eta Donostia Turismok Urumearen mendebaldeko erriberan iaz jarritako informazio-paneletan.
Panel didaktiko horiek aprobetxatuz, azaroan bi irteera egingo dira oinez, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, alderik esanguratsuenetan eta ezezagunenetan sakontzeko, eta parte-hartzaileek ibilbide atsegin bat egingo dute oinez. Cristina Enea Fundazioko zuzendari José M.ª Hernándezek azaldu duenez, «ibilbide hori, 3 kilometro inguruko luzera duena, ibilbide irisgarri gisa diseinatuta dago, ia laua, eta Urumearen ibilguaren uren jario barea lagun duela igarotzen da, publiko ororentzat egokia, tokikoa zein bisitaria, 8 informazio-panelen bidez dibulgazio-edukiak eskainiz, ibai-sistemaren beraren iraganeko eta orainaldiko irudiekin».
Hala, ibilbidean «ibaiaren dinamikak eta Urumearen arroa, ibaiertzetako baserriak, ibaiaren ustiapena eta erabilera soziala, besteak beste» aipatuko dira, Hernandezek adierazi duenez.
Irteera horiek azaroaren 22an, igandean, izango dira, 10:30ean (gaztelaniaz) eta 12:00etan (euskaraz). Izen-emateak irekita hemen.