Berriak

2026/10/30

Hegazti-gripeak arriskuan jar ditzake munduko putreen populazioak

Jon Morant EHUko ikertzaileak parte hartu duen lan batek putreen kontserbazioaren garrantzia nabarmendu du eta haien babesa indartzeko neurriak proposatu ditu. Jatorrizko albistea www.ehu.eus.


Conservation Biology aldizkarian argitaratutako gutun baten sinatzaileek ohartarazpena egin dute hegazti-gripeak putreen populazioetan eragiten dituen arriskuez. Agerian jarri dituzte, gainera, putreen gainbeherak ekosistemetan eta gizakien ongizatean zer arazo eragin ditzakeen. Horri guztiari aurre egiteko bost ekintza-lerro proposatu dituzte: populazioen segimendua egitea, txertaketa-kanpainak, sarraskien kudeaketa, putreak maneiatzeko protokoloak eta tokian tokiko ekintza-planak sustatzea.

Mundu mailan, hegazti-talde mehatxatuenetako bat dira putreak. Gaur egun, hogeita hiru putre-espezietatik hamasei, gutxienez, kontserbazio-egoera kezkagarrian daude, hein handi batean intoxikazioen eta gizakiak eragindako bestelako mehatxu batzuen ondorioz. Baina, aldi berean, “gizakien ongizatea sustatzen duen zerbitzu ekosistemiko garrantzitsuenetako bat ematen digute: sarraskia jaten dute eta sarraskietan patogenoak daude. Frogatuta dago sarraskijaleek patogenoak ez zabaltzen edo gutxiago zabaltzen laguntzen dutela. Hau da, gaixotasunak eragiten dituzten mikroorganismoak gehiago ez zabaltzea eragiten dute”, azaldu du Jon Morant EHUko ikertzaileak.

Panzootia (gizakien pandemiaren parekoa) eragin duen hegazti-gripearen birusa (H5N1) oso kutsakorra da, eta bestela ere gainbehera doazen putre-populazioen hondamendia ekar dezake. Izan ere, egiaztatu da putreentzat gako diren munduko toki jakin batzuetan birusa asko hedatu dela eta ondorio larriak izan dituela. Esate baterako, milaka zopilote beltz (Coragyps atratus) eta sai papargorri (Cathartes aura) hil dira AEBn eta Hego Amerikan. Eta kalte handia eragin die ugatzei (Gypaetus barbatus), Europan, eta Kaliforniako kondorrei (Gymnogyps californianus) eta Andeetako kondorrei (Vultur gryphus), Amerikan. Aipatzekoa da Kaliforniako kondorrak desagertzeko arrisku kritikoan daudela, eta beren populazio basatiaren % 6 inguru galdu zela sei astean.

Arrisku horretaz ohartarazteko eta arazoari aurre egiteko ekintza-lerroak markatzen dituen gutun bat argitaratu du Conservation Biology aldizkarian EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko ikertzaile Jon Morantek, Ikerketa Mediterraneoen Institutuko (IMEDEA, Mallorca) eta Biodibertsitate eta Ingurumeneko Ikerketen Institutuko (INIBIOMA, Argentina) ikertzaile batzuekin lankidetzan. “Alerta bat helarazi nahi izan diegu kontserbazio-arduradun eta ikertzaileei, ekintza koordinatuak bultzatzeko”, dio Morantek.

Paradoxa
Oro har, “putreak animalia sozialak dira, bazkalekuetan elkartzen dira, alegia, erraz kutsatzeko arriskua duten lekuetan. Gainera, sarraski kutsatuak janez, H5N1 birusaz kutsatzeko arriskua daukate. Putreak, sarraskijale izanik, bakterio eta patogeno asko jasateko prestatuta daude, baina hori ez da nahikoa H5N1 birusari aurre egiteko”, azaldu du Morantek. Birusak hilkortasun-tasa handia du, bai etxeko animalietan bai basatietan. Hegazti-gripeak ez die bakarrik hegaztiei eragiten. Dokumentatuta dago mundu osoan 48 ugaztun-espezie baino gehiago kutsatu direla. “Zenbat eta sarraski gehiago kutsatuta egon, orduan eta arrisku handiagoa daukate putreek kutsatzeko. Sarraski horiek berak kutsadura-iturri izan daitezkeenez, paradoxa bat sortzen da: putre gehiago hiltzen diren neurrian, sarraskia desagerrarazteko gaitasuna murrizten da, patogenoak zabaltzen dira eta horrek kutsatzeak ugaritzea eragiten du”, azaldu du ikertzaileak.


Jarraitu jatorrizko albistea irakurtzen hemen.