Berriak

2026/8/28

Azken egunak aurtengo udan Natur Txokoaz gozatzeko

Uda osoan irekita egon ondoren, astelehenean itxiko ditu ateak Urgull mendiko Natur Txokoak, datorren urtera arte. Bi hilabetez egunero-egunero eskulanak eta tailerrak egiteko aukera izan dute haur eta gazteek, modu didaktiko eta ludikoan ingurumenera gerturatuz.


Uztailaren 1ean ireki zituen ateak Natur Txokoak, eta orduz geroztik egunero irekita egon da, gerturatzen direnei mota ezberdinetako ekintza eta jarduerak eskainiz. Era berean, astearte eta asteazkenetan jarduera bereziak izan dira arratsaldeko 17:00etan, eta egunero jende andana izan da Urgull mendiko Gobernadorearen baterian eskaini den programazioarekin bat eginez.

Orain ateak ixteko garaia iritsi da, baina hori baino lehenago, azken lau egunetaz gozatu ahalko dute herritar nahiz bisitariek. Jarduera bereziak bukatu badira ere, gaur ostiraletik astelehenera, abuztuaren 31, biak barne, eskulanak egingo dira 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Jardueretan parte hartzeko ez da aldez aurretik izena eman behar.