Berriak

2026/3/25 Cristina Enea FundazioaErakusketakHaurrakHazieraIngurumen Baliabideen EtxeaUliako Interpretazio ZentroaUrgulleko Natur TxokoaUrumeako Atlas Emozionala

Udaberriak egitarau oparoa erakarri du Cristina Eneara

Iragan ostiralean, martxoaren 20a, arratsaldeko 15:46an eman genion hasiera ipar hemisferioan udaberriari. Urtaro berria ekimen, jarduera eta ekintzaz beteta dator Cristina Eneara eta datozen hiru hileetan ingurumenera eta jasangarritasunera jarduera-eskaintza zabal baten bidez gerturatzeko gonbidapena egiten die herritarrei Cristina Enea Fundazioak.


Udaberrian natura berpiztu eta esnatzen den modu berean, Cristina Enea Fundazioak indartsu ekingo dio urtaro berriari, gaur aurkeztu duen datozen hileetarako agenda bete eta interesgarriari esker. Programazioaren parte dira erakusketak, irteerak, hitzaldiak, tailerrak eta bestelakoak, guztiek helburu komunak izanik: ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin adeitsuagoa eta arduratsuagoa den gizarte-ereduetarako eraldaketa sustatzea.

Aurtengo udaberria, gainera, berezia izango da Cristina Enearentzat eta Donostiako Udalarentzat. Izan ere, 2026ko ekainaren 2an 100 urte beteko dira Cristina Enea parkea herritarrentzat ireki zenez geroztik. Mandasko duke-dukesaren testamenduak adierazten zuen bezala, Cristina Eneako parkea eta finka beren oinordekoei utzi zitzaien, baina, ondoren, jabetza guztia Donostiako Udalaren esku geratu zen, herritarrei txoko berezi bat eskainiz beren aisialdirako.

Zentzu horretan, Donostiako Udaleko Ekologiako zinegotzi Iñigo Garcíak nabarmendu duenez, «Cristina Enea parkea eta Mandasko duke-dukesen ondarea herritarrengana hurbiltzeko bi bisita mota antolatuko dira ekainean mendeurrena ospatzeko», eta gaineratu du «urteurren hau aukera bat izatea nahi dugu, espazio paregabe hau berraurkitzeko, haren historiari balioa emateko eta herritarren eta haren natura-ondarearen arteko lotura indartzeko. Cristina Enea parke bat baino askoz gehiago da: hiriaren bihotzean, naturarekin elkartzeko, ikasteko eta lotzeko lekua da».

Zinegotziak adierazi duenez, «mendeurrenak etorkizunera begiratzeko eta iraunkortasunarekiko konpromisoan aurrera egiteko aukera ematen digu, ingurunearekiko errespetua sustatuz eta ohitura arduratsuagoak sustatuz. Cristina Eneak ingurumen-hezkuntzan erreferente izaten jarraitzea nahi dugu, baita natura eta hiria integratzeko moduaren adibide izatea ere, guztion bizi-kalitatea hobetzeko».

Honakoa da, gainera fundazioak urte osoan indarrean jartzen duen agenda garrantzitsuenetakoa, Cristina Enea Fundazioak kudeatzen dituen hiru udal-ekipamenduak aldi berean irekita egoten direlako, alegia, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxea, Uliako Interpretazio Zentroa eta Urgulleko Natur Txokoa; era berean, Santa Klara irlako Hondalea obrak urteko lehenengo bisitariak jasotzen ditu, fundazioak berak kudeatuta.

Erakusketen atalean, bestalde, martxoaren 27an Elkarrizketa bat paisaiarekin izeneko bildumak irekiko ditu ateak Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean. Erakusketak Aurora Bengoechea artistaren lanak erakutsiko ditu, ekainaren 14ra bitarte. Aurora Bengoechea (Palentzia, 1943 – Donostia, 1991) bere garaiarekiko aurreratutako artista izan zen, ingurunea eta natura zaintzeko premia aldarrikatu zuen, bai eta ekologiaren eta iraunkortasunaren aldeko sentimendu indartsua azaleratu ere. Horretarako, hiriaren iskanbilari eta kutsadurari buruzko lanak egin zituen formatu handian, isiltasunaren beharraren aurrean, hiri handiko trafikoaren arazo larriari buruz eta naturan dagoen poluzioari buruz. Bengoecheak borroka sentimendua izan zuen, gizarte eta giza eskubideekiko, eta ikuspuntu feminista sendoa adierazi zuen.

Udaberriko agenda honek Aste Santuko eta Pazkoa Asteko oporraldirako egitarau berezia ere jasotzen du, bai eta bestelako ohiko jarduerak ere, esaterako Añarbeko urtegira eta Loiolako araztegira irteerak, Urumean zehar kanoan zeharkaldiak eta bestelakoak.

Jarduera eta programazio osoa www.cristinaenea.eus webgunean kontsulta daiteke eta ekintzetarako izen-emateak ere webgune horren bitartez egin behar dira.

Urgull mendiko Natur Txokoa irekita
Urtero bezala, udaberriko oporraldian zehar Urgull mendiko Natur Txokoa irekita egongo da egunero. Urgullen dagoen Natur Txokoa, naturaren gela berezia da. Bere helburua da ingurumen-aberastasun handia duen kokagune historiko honetatik naturarekiko errespetua sustatzea, aisialdiko jarduera didaktikoen bidez. Garai batean Napoleonen Goardiarenak izan ziren azpiegitura hauetan, haurrentzako tailer eta jarduera sortzaileak antolatuko dira egunero.

Natur Txokoa irekita egongo da martxoaren 30etik apirilaren 12ra arte, ondorengo ordutegian:

· Astelehenetik ostiralera: 16:30 – 18:30.
· Larunbat eta jaiegunetan: 11:00 – 13:30

Era berean, astearte eta asteazkenetan jarduera bereziak egongo dira arratsaldeko 17:00etan, eta gainontzeko egun eta orduetan ‘Zaharrak berri, berrerabili!’ eta ‘Artistak naturan’ izeneko eskulan-tailerrak egin ahalko dira.

Ulia Interpretazio Zentroa
Udaberriko oporraldian eskaintza berezia egongo da baita ere Ulia mendiko Interpretazio Zentroan. Ohiko programazioaz gain (erakusketak, irteerak, baso bainuak etab.) haur eta gazteenei eskainitako Oporrak naturaz blai! izeneko egitaraua antolatu daapirilaren 2tik 6ra. Izen-emateak www.cristinaenea.eus webgunearen bitartez egin behar dira.