Martxoaren 11, 12 eta 13an The Week ekimena izango da Cristina Enean. Ekimen horren bidez, klima-krisiari eta horrek sortzen dizkigun sentsazio eta emozioei buruzko hausnarketa eta eztabaida sustatu nahi da, eta egoera horri aurre egiteko eskura ditugun aukera eta tresna indibidual eta kolektiboak baloratu.
The Week ekimena planeta osoko hainbat puntutan jarri da abian, eta hiru zatitan banatutako klima-krisiari buruzko dokumental bat (kausak, ondorioak eta abar) ikustean oinarritzen da. Dokumental horren bidez, parte-hartzaileak hainbat agertokitan ibiliko dira. «Dokumentalaren lehen zatiak, lehenengo egunean ikusiko dugunak, krisi klimatikoa zer den azaltzen digu, bigarren zatiak krisi klimatikoaren kausetara eta ondorioetara hurbiltzen gaitu, eta azken egunean, egoera horri aurre egiteko gizabanako eta gizarte gisa zer egin dezakegun aztertuko dugu», azaldu dute Verena Hammes eta Loïc Alejandro ekimenaren arduradunek, eta gaineratu dute dokumentalak krisi klimatikoak sortzen dizkigun sentsazioak eta emozioak nabarmendu nahi dituela: «Gainezka egin diezagukeen fenomeno izugarria izan daiteke, eta giro atsegin eta abegikor batean, taldean, eztabaidatzen eta hausnartzen saiatzen gara, nola sentiarazten gaituen krisi horrek».
Cristina Enean martxoaren 11, 12 eta 13an izango diren saioak, 17:30etik 19:30era, mundu guztiari irekita daude, «krisi klimatikoagatik interesa eta kezka duen edonori, agian gai horietatik urrun sentitzen denari», baina kolektiboki hausnartu nahi duenari, Verenak eta Loïcek azaldu dutenez. «Ikusiko dugun dokumentala atsegina, erakargarria, interesgarria eta, batez ere, ulergarria da», eta horrek eztabaida eta ideiak eta sentsazioak trukatzea erraztuko du.
Saio hauetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da esteka honen bidez