Bisitak otsailaren 23an izango dira, euskaraz nahiz gazteleraz, goizeko 11:00etan eta 12:00etan. Izen-emateak irekita daude www.cristinaenea.eus webgunean. Artistak berak emango ditu azalpen eta xehetasun guztiak bere lan artistikoari buruz orokorrean, eta martxora arte Cristina Enean ikusgai duen SINKRONIA erakusketari buruz, zehazki.
SINKRONIA erakusketa da 2024/2025eko negurako Cristina Enea Fundazioak ikusgai duen erakusketa, Gotzon Huegun artista lasartearrarena. Erakusketak gizakiaren eta naturaren arteko harremana berriz aztertzera gonbidatzen gaitu, gure ingurune naturalarekin oreka bat berrezartzeko eraldaketa sakon baten premia nabarmenduz.
Gotzon Huegun eskultorearen lanen bidez, zientziaren, naturaren eta gizatasunaren arteko tentsioak eta harmoniak aztertzen dira, lotura horren konplexutasuna islatzen duten forma eta ehundura organikoak erabiliz. Mandasko Dukeen Jauregiko hiru aretoetako bakoitzak esperientzia murgiltzaile bat eskaintzen dio bisitariari: zientziaren eta naturaren arteko norgehiagoka, ekosistemaren barruan dugun tokiari buruzko gogoeta, eta sinkronia proposamenaren gailurra.
Urtarrilaren 24rako eta otsailaren 23rako Huegunen obraren nondik-norakoak jasotzen dituen dokumentalaren proiekzioak iragarri zituen Cristina Enea Fundazioak, eta halaxe izan zen urtarrilaren 24an, baina bigarren emanaldi baten ordez bisita gidatuak egitea erabaki da. «Ikusi dugu erakusketa bisitatzen duten pertsonen aldetik eskaera bat dagoela bertako lanen eta piezen inguruko informazioa jasotzeko, eta iruditu zaigu aberasgarriagoa izango dela bigarren proiekzio baten ordez artistak berak eskainitako bi bisita gidatu antolatzea», azaldu du Cristina Enea Fundazioko erakusketa-proiektuen arduradun Eneko Calvok. Eta gaineratu du dokumentalak mundu zabaleko hainbat ikusentzunezko festibaletatik zehar egingo duela bidea aurrerantzean.
Bisita gidatuak otsailaren 23an izango dira, goizeko 11:00etan gaztelerazkoa eta 12:00etan euskarazkoa (leku mugatuak). Aldez aurretik izena eman beharra dago www.cristinaenea.eus webgunearen Izen-emateak atalean.
Calvok nabarmendu duenez, «Huegunen formatu handiko lanek erronka egiten diote zientziaz dugun pertzepzioari, naturarekin zerikusirik ez duen zerbait bezala, biak elkarrekin oso lotuta daudela erakutsiz», eta horren inguruko hausnarketa eta gogoetak artistarekin berarekin partekatzeko aukera izango dute bisita gidatuan parte hartuko dutenek.