Berriak

2025/2/11

Emakumea zientzian, Cristina Enea Fundazioak hurrengo erakusketan berreskuratu nahi duen betiko ahaztua

Emakume zientzialariak hurbiltzea da Cristina Enea Fundazioak eta Elhuyarrek  aurkeztu duten 'Emakume zientzialariak argira' erakusketaren helburua. Hain zuzen, otsailaren 11tik apirilaren 27ra izango da ikusgai. Hala, hiriak bat egingo du otsailaren 11n ospatuko duten Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen, 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.

Erakusketak 12 figura zientifiko eta euren bizitza, lorpenak eta ibilbidea jendaurrean erakutsiko ditu, bereziki diseinatu diren laminen bitartez. 

Eneko Calvo Etxarte Fundazioko erakusketa-proiektuen arduradunaren hitzetan, «ekimen honen bidez, zientziari eta teknologiari modu esanguratsuan lagundu dioten emakumeen istorioak hurbildu nahi dizkiogu publikoari, eta haien lana eta ondarea ikusarazi». Izan ere, erakusketa honek euskal jendarteari eta, modu berezian, haur eta gazteei, hurbildu nahi dizkio zientziaren eta teknologiaren alorreko emakume erreferente errealak, oraingoak eta iraganekoak, hainbat jakintza-arlotakoak, arrazializatuak, hasiberriak diren emakume gazteak eta bide profesional luze eta oparoak egindakoak…

«Cristina Enea Fundazioak urteak daramatza esparru zientifikoan berdintasuna sustatzen duten ekimenen alde egiten, batez ere ingurumen- eta natura-zientziei lotutako diziplinetan; erakusketa hau belaunaldi berriak inspiratzeko aukera bat da», adierazi du Calvo Etxartek. Izan ere, Elhuyar duela bost urte hasi zen Bizilaberen barnean nazioarteko egun honen inguruko ekimenak antolatzen, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan. 

Horiek horrela, Cristina Enea Fundazioak ekimen honekin bat egin du, otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela kausa; zehazki, beste hamaika herrirekin batera: Abanto-Zierbena, Arrasate, Arrigorriaga, Azkoitia, Barakaldo, Bilbo, Durango, Elgoibar, Ordizia, Iruñea eta Irura.

«Erakusketa xumea izan arren, mezua oso indartsua da: emakumeek zientzian duten talentua aitortzea eta estereotipoak hausten laguntzea», adierazi du erakusketako arduradunak. Izan ere, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzen, STEAM hezkuntzaren bitartez. Horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko. 

Emakume omenduen horma-irudiak eta istorioak eskuragai daude Bizilabe ekimenaren Otsailak 11 webgunean

12 EMAKUMEZKO ZIENTZIALARI OMENDUAK

Aurtengo edizioan, omenaldia jaso duten emakumezko zientzialariak honako hauek dira: 

  • Amena Karimyan (Herat, Afganistan, 1996). Astronomoa, aktibista eta idazlea
  • Dorotea Barnés González (Iruñea, Nafarroa, 1904-2003). Kimikaria
  • Halet Çambel (Berlin, Alemania, 1916-2014). Arkeologoa eta eskrimalaria
  • Harriet Martineau (Norwich, Erresuma Batua, 1802-1876). Ekonomialaria eta soziologoa
  • Jeanne Baret (La Comelle, Frantzia, 1740-1807). Botanikaria
  • Lurdes Ansa Maiz (Andoain , Gipuzkoa, 1961). Zientzia-materialen edizio-arduraduna
  • Margaret Crane (Indiana, AEB, 1941). Publizista eta asmatzailea
  • Maria Jesus Esteban Galarza (Alonsotegi, Bizkaia, 1955). Matematikaria
  • Nawal El Saadawi (Kairo, Egipto, 1931-2021). Medikua, idazlea eta aktibista
  • Patricia Rodríguez Brennan (Bogotá, Kolonbia, 1971). Biologo ebolutiboa
  • Suzuko Ainhoa Tamura (Aichi, Japonia, 1934-2015). Hizkuntzalaria
  • Uxue Lazcano Dobao (Bergara, Gipuzkoa, 1995). Biologo konputazionala