Berriak

2024/3/14 FruitOndoanProiektuak

Bertako sagarrondo barietateen landaketa eta inausketa jarduera berriak izan dira FruitOndoan ekimenaren baitan

Cristina Enea Fundazioak hiriko nekazaritzaren sustapenaren alde bere aletxoa jartzen dihardu 2019az geroztik, Gipuzkoako bertako fruta-arbolen lehen sarea sortuz, FruitOndoan, hiriko gune publikoetan, eta beti ere ikuspegi sozio-komunitario, parte-hartzaile eta agroekologiko batetik, nekazaritzaren eta hiriaren arteko zubiak eraikiz.

Maria Reina Ikastetxeko ikasleek eta Uba harrera-zentroko kideek Egia auzoan eta Ametzagaña parkean fruta-arbolak landatzeko eta inausteko saioetan parte hartu dute berriki, Cristina Enea Fundazioak bultzatutako FruitOndoan programaren barruan, Marc Badal agroekologia adituarekin eta Xomorro Taldearekin lankidetzan.

Mateo Regla proiektuaren arduradunetako baten arabera, neguko azken aste hauek egokiak dira fruta-baratzeak zaintzeko. "Urteko sasoi hau inausketak eta landaketa berriak egiteko aprobetxatzen da, eguraldiak laguntzen duenean". Horrela, aurreko asteko eguraldi ona aprobetxatuz, "Cristina Enea parkeko, Ibaetako EHUko campuseko eta Txomin Enea eta Añorga auzoetako landaketen egoeraren jarraipena egin da", egun, FruitOndoan programako tokiko sagarrondo barietateen landaketak baitaude bertan. Era berean, "Egian eta Ametzagañan landaketa berriak eta inausketa jarduerak" ere egin dira egun horietan.

María Reina ikastetxeko ikasleek eta Uba harrera-zentroko kide eta arduradunek positiboki baloratu dute jarduera, horrelako ekimenek komunitateari eta kokatuta dauden inguruneari, baina batez ere ekimenean parte hartzen duten pertsonei, eskaintzen dizkieten onurak egiaztatu baitituzte, "komunean egindako lana eta pertsonen arteko loturak sendotzen dituztelako", azaldu du Reglak.

FruitOndoan, tokiko fruta-arbolen Gipuzkoako lehen sarea espazio publikoetan
Tokiko barietateetako fruta-arbolak hiru gunetan egoteak, landatutako biodibertsitatearen garrantzia eta hiriko nekazaritza ekologikoaren gaitasunak agerian uzteko aukera irekitzen du eta elikadura, lurralde eta ingurumen gaien inguruko hausnarketa sustatzen du baita ere.

Frutak landatzea, inausketa, uzta biltzea eta fruta-arbolak mantentzeko eta zaintzeko beharrezkoak diren gainerako jarduerak modu kolektiboan eta parte-hartzailean egiten dira, bai eta proiektuan parte hartu nahi duen edozein pertsonaren laguntzarekin ere, tokiko elkarte eta erakundeen artean lankidetzan eta elkarlanean lan eginez.