Berriak

2018/4/11 Ingurumen albisteak

Zaborra ongarri bilakatzeko bizikletak

Nantes (Frantzia) merkataritza tradizio handia duen 300.000 biztanleko hiria da, eta bere kaleetatik zehar txirrindulari talde bat dabil hiriko jatetxeek sortutako hondakin organikoak jaso eta hiriko berdeguneetan erabiliko den konposta egiten.

Horrela funtzionatzen du La Tricycleriek, 26 urteko Coline Billon ingurumen kudeaketako ingeniariak abian jarritako egitasmoak. Ekimena Nazio Batuen Ingurumen Programak Young Champion of the Earth sarietara izendatua izan da, 15.000 euroko dirusaria duena 6 irabazleetako bakoitzarentzat. Saria 18 eta 30 urte arteko gazteei ematen zaie, ingurumen esparruan irtenbide berritzaileak sustatuz.

"Supermerkatuetako janari soberakinak jaso eta jendeari banatzen dizkieten elkarteekin oso lotura estua izan du", dio ideiaren sustatzaileak. "Baina landagunea eta hiria lotuko zituen zerbait egin nahi nuen. Jendearen hondakin organikoak jasotzea pentsatu nuen, nantesen ez baitago inolako sistemarik abian, baina pertsona bakarrarentzat lan handiegia zela ohartu nintzen". Billonek jatetxeetan jarri zuen arreta, eta 2015 amaieran atoia zuen bizikleta bat hartu eta ekimenarekin bat egin zuten zortzi jatetxetatik pasa zen hondakin bila. Lau hiletan bi tona hondakin bildu zituen. Eta La Tricyclerie sortu zuen, hondakin horiei balioa eman eta erraustea (orain arte hori baita Nantesen erabiltzen den sistema) eragoztea ahalbidetzen duen elkartea. Dena bizikleten gainean, Nanteseko bizitzan oso txertatua dagoen garraiobidea eta ideia islatzeko erabili den hitz-jokoan dagoen hitza. Ia 2 urte geroago 30 jatetxek egin dute egitasmoarekin bat, eta ekimena Nantes kanpo aldeko 3 auzotara hedatu da. Elkartean 15 lagun inguruk egiten dute lan, horietatik asko maiztasun ezberdinarekin lan egiten duten bolondresak. Hilean, dagoeneko 2 tona hondakin inguru jasotzen dituzte.

"Jatetxeek zerbitzuagatik ordaindu egiten dute, baina hau ez da zabortegi bat bezala", zehazten du Billonek. "Beraiek ere ekimenaren parte dira: komunikazio asko egiten dugu eta inplikatu egiten ditugu, eta beraiek euren bezeroei helarazten diete mezua". Jatetxe bakoitzak kuota bat ordaintzen du (adibidez, 40 eta 60 euro artean jatetxe txikiek), eta horrek astean bi aldiz hondakinak jasotzeko eskubidea ematen die.


Jarraitu jatorrizko albiste osoa irakurtzen, hemen.