Azaroaren 22tik 30era Eusko Jaurlaritzak bat egin du aurten ere Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin (EWWR). Ekimen hau Europako Batzordeak sustatu du, eta Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, koordinatu du Euskadin.
Edizio honetan, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen sorrera (TEEH) izango da ardatza, Europan azkarren hazten ari den hondakinen fluxuetako bat.
Konektatu balioarekin, deskonektatu hondakinetik lelopean, kanpainak herritarrak sentsibilizatu nahi ditu mota horretako hondakinek ingurumenean eta gizartean duten eraginaz, besteak beste, telefono mugikorrak eta ordenagailuak, hozkailuak eta lanparak
2022an 62 milioi tona TEEH sortu ziren mundu osoan. Euskadin 60.587 tona tresna elektriko eta elektroniko merkaturatu ziren, baina 15.239 tona bakarrik bildu ziren hondakin gisa. Horietatik % 82,1 balorizatzea eta % 76,8 birziklatzea edo berrerabiltzea lortu zen.
2025eko Euskadiko Hondakinen Prebentzioaren Europako Asteak administrazio publikoak, ikastetxeak, enpresak, elkarteak eta herritarrak azaroaren 22tik 30era sentsibilizazio-ekintzak garatzera gonbidatzen ditu. Proposamenen artean tailerrak, erakusketak, informazio-kanpainak, hondakinen bilketa edo garbiketa komunitarioak egon daitezke. Parte hartzeko, azaroaren 9a baino lehen, ekintzaren deskribapen labur bat bidali behar da helbide elektroniko honetara: [email protected].
Euskadin gauzatzeko jasotzen diren ekimen guztien artean kategoria bakoitzean nabarmenenak aukeratuko dira, 2025eko abenduan aintzatespen publikoa jasoko dutenak. Hautagaitza horiek Euskadi ordezkatuko dute 2026ko ekainean egingo diren Hondakinen Prebentziorako Europako Asteko Sarietan.
2009an EWWRri atxiki zitzaionetik, Euskadi lurralde aktiboenetako bat izan da, 2.000 ekintza baino gehiago sustatu baititu. 2024an 225 proposamen jaso ziren eta Bizkaiko Foru Aldundiak Europako saria jaso zuen Administrazio Publikoen kategorian
Horrez gain, eta ekimen horrekin batera, Ihobe sozietate publikoak Let's Clean Up Euskadi! kanpaina ere bultzatzen du. Kanpaina honek espazio naturalak garbitzeko ekintzak sustatzen ditu, hondakinen pilaketari aurre egiteko. Kanpaina honetan parte hartu nahi duten erakundeek izena eman dezakete Ihoberen webgunearen bidez, bai eta material lagungarriak eta gida praktikoak lortu ere, euren bilketak errazago antolatzeko.
Iturria: Ihobe.