Udalsarea 2030ek 2026ko lehen seihilekoko jarduera ebaluatu du, bai sarearen beraren lana, bai udalerrietan egindako aurrerapenak aztertuz.. Jatorrizko albistea eta irudia: www.udalsarea2030.eus.
Udalsarea 2030ek 2026ko lehen seihilekoari dagokion jarduera-txostena argitaratu du. Bertan, sarearen mugarri nagusiak eta erakunde kideek egindako aurrerapenak jaso dira. Txostenaren arabera, 226 udalerrik, eskualdeko 23 erakundek eta eskualdez gaindiko 11 erakundek osatzen dute Udalsarea 2030. Horiek guztiek klima- eta energia-jasangarritasunaren bidean aurrera egiten jarraitzen dute.
Zehazki, 140 udalerrik Klima eta Energia Planak dituzte edo lantzen ari dira: 69k onartuta dituzte, eta 71 prozesuan daude. Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunari atxikimenduak ere aurrera doaz: 51 udalerri atxiki dira dagoeneko, eta beste zortzi atxikitzeko prozesuan daude. Europako ekimen horri buruzko informazio-web-mintegi bat egin zen otsailean, eta 50 udalek parte hartu zuten. Aurten, Europako Batzordearen Bulegoarekin lanean ari dira euskal udalerriek dituzten tresnak homologatzeko.
Trantsizio energetikoa eta klima-aldaketa izango dira sarearen lanaren ardatz nagusiak datozen urteetan.Trantsizio energetikoa eta klima-aldaketa izango dira sarearen lanaren ardatz nagusiak datozen urteetan. Ildo horretan, Udalsarea 2030ek aurrerapauso handiak eman ditu dagoeneko. Horren erakusgarri da LIFE 2026 deialdira Life NaturSarea izeneko proposamena aurkezteko egindako lana. Sareko eskualdeko bost erakundek osatzen duten partzuergoak lurralde osoan Naturan Oinarritutako 14 Konponbide (NOK) ezartzea du helburu. Bestalde, Ihobek eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) Life Octopus proiektuan parte hartzen dute. Proiektu horrek trantsizio energetikoa eta klimatikoa sustatzen ditu, tokiko eta eskualdeko agintariak eta energia- eta ingurumen-agentziak gaituz, Antolakuntza-sare Erraztaileak (EON, ingelesezko siglengatik) sortzeko. Parte hartzen duten zazpi eskualdeen artean, Udalsarea 2030 erreferentziazko Antolakuntza-sare Erraztailea da, arlo horretan duen ibilbideagatik.
Sareak eta haren lan-esparruek tokiko ekimenen berri emateko ere balio dute, udalerriak eta eskualdeak klima-arloan egiten ari diren lana ezagutarazteko. Lehen seihilekoan, hainbat ekimen partekatu dira, besteak beste, Trapagarango Naturalizazio Plana, Orioko Egokitzapen Plana eta Nerbioi-Ibaizabal eskualdean Naturan Oinarritutako Konponbideak ezartzeko ekimena.
Klima-aldaketaz gain, hondakinen arloko gai teknikoei ere heldu zaie. Apirilean, amiantoaren udal-erroldak egiteko informazio-saio bat egin zen, eta berrogeita hamarretik gora toki-erakundek parte hartu zuten gai horri buruz ekainean eta uztailean egindako prestakuntza-ikastaroetan. Gaur egun, 85 udalerrik dute amiantoaren udal-errolda: 26k Araban, 35ek Bizkaian eta 24k Gipuzkoan.
Jarraitu jatorrizko albistea irakurtzen hemen.