Berriak

2019/5/8 HidroLogikak

HidroLogikak 2019. Urumearen ondare industriala ezagutuz

1860tik aurrera, bere harresiak eraitsiak izan ondoren, Urumea ibaiaren estuarioaren hareatza eta paduren gainean eraiki den hiria da Donostia. Ibaia eta itsasoa elkartzen ziren azalera zabalean, ibaiaren lehortzeak eta bideratzeak hainbat zabalgune, hiriaren erdigunea, Amara eta Gros auzoen eraikuntza ahalbidetu zituen.

Urtero HidroLogikak proiektuak gai bat hartzen du eta horren inguruan jarduera programa zabal bat prestatzen du. 2019ko ediziorako Urumea ibaiaren ertzetan to­patu dezakegun industria ondarea izango dugu gai nagusia.

Egitasmoaren koordinatzaile Eneko Calvok adierazi du “Urumea ibaian zehar aurki dezakegun ondare industriala gizaki bezala izan dugun garapen historikoari buruz mintzo da, baina baita ibaiaren beraren bizitzari buruz eta naturako elementu gisa izan duen bilakaerari buruz ere”.

Calvok publiko guztiei zuzendutako hogeita hamarretik gora jardueraz osaturiko programazio zabala diseinatu du, Urumea herritarrei gerturatzeko helburuarekin, eta azaldu du “alor naturalistikoenak eta kulturalenak elkarrekin bizi diren sistema gisa uler dezakegu Urumea, txanpon beraren bi aurpegiak bezala ulertuaz. Batak bestearengan du eragina eta ezin dira bereizi, ezin bat ulertu bestea gabe”.

Historiako garai desberdinetako industria garapenetan Urumea ibaiko urek bustitzen duten lurraldeak eta gizarteak etengabeko esku-hartzea eta eraldaketa bizi izan dute, eta horrek industria ondare aberats eta askotariko bat sorrarazi du, hala euskarri materiala (lantegi eraikinak, makinak edo industria instalazioak), nola industria paisaiak (tokian tokiko natur baliabideen eta garapen energetiko edo teknikoaren arabera taxutuak) eta lanaren ondare ukiezina (lanbideak, adierazpide kultural eta estetikoak, lekukotasunak, tradizioak eta dokumentuak). Baina nola ez, kontuan hartu beharko dugu industria garapen honek Urumeari eta bere naturari eragindako inpaktoa ere.

Cristina Enea Fundazioko zuzendari Txema Hernandezek bestetik, HidroLogikak ekimenaren berreskurapen-lana azpimarratu eta aipatu du. “Aurreko zortzi edizioetan, eta baita aurtengo bederatzigarren honetan ere, gizarteari bideratutako berreskurapen funtzioa betetzea du helburu HidroLogikak-ek; Urumea ibaiaren historia, kultura eta ondarea bezalako alorren memoria berreskuratu nahi du, betiere elementu egituratzaile gisa ibaiaren ingurumen eta natur aberastasuna kontuan izanik”. Era berean, gaineratu du lan horren emaitza ez dela kontenplaziozko egitarau soil bat, baizik eta “jarduera proaktiboak, parte hartzen duten pertsonengan erreakzio bat bilatzen dutenak, hausnarketarekin lagunduriko parte-hartzea”.

Bederatzigarren edizio honetan, HidroLogikak egitasmoak San Telmo Museoaren kolaborazioa dauka, besteak beste museoan bertan ikusgai dagoen “Industria, aldaketaren eragile” aretora egingo diren bisita gidatuen bidez. San Telmo Museoko zuzendari Susana Sotok adierazi du HidroLogikak aukera eskaintzen du modu interesgarrian ezagutzeko bai gure gertuko iragana, bai eta oraina ere, egitarau zabal eta interesgarri bati esker”. Sotok gogora arazi du kolaborazio hau, zeinaren baitan bisita gidatuak, hitzaldiak eta mahai-inguruak antolatuko diren museoan bertan, “bi erakundeek urtean zehar duten elkarlanaren eta harremanaren testuinguruan kokatzen da, besteak beste hilero klima-aldaketari eskainitako Agora K2050 hitzaldi-zikloa ere elkarlan horretan oinarritzen baita”.

HidroLogikak 2019-ren egitaraua lau hilez luzatuko da, maiatzaren 1etik abuztuaren 31 arte, eta erakusketak, tailerrak, hitzaldiak, irteerak, bisita gidatuak, haurrentzako jarduerak eta jarduera musikalak izango ditu bere baitan. Egitarau osoa atxikitutako dokumentuan kontsulta daiteke.