Ulia Interpretazio Zentroa 2012an ireki zen eta ordutik Cristina Enea Fundazioak kudeatzen du. Ulia mendia bezalako ingurune pribilegiatu baten aniztasuna eta aberastasuna gertutik ezagutzeko baliabideak eta tresnak eskaintzen dizkio bisitariari.
Kantauri itsasoaren eta Donostiaren artean Ulia mendia kokatzen da, hiriaren beste alde bat ezagutzera gonbidatzen duen naturgunea. Itsaslabarrek, basoek, bidexkek eta begiratokiek aberastasun ekologiko eta paisajistiko handiko gunea marrazten dute, baina Ulia historiaz eta memoriaz betetako lekua ere bada, eta giza jardueren aztarnak lurraldea eraldatzen joan dira denboran zehar.
Ingurune horretan murgiltzeko eta ezkutatzen duen guztia ezagutzeko, Ulia Interpretazio Zentroa, Cristina Enea Fundazioak kudeatua, abiapuntu pribilegiatua da. Oihana Orkolaga Ulia Interpretazio Zentroko ardurdaunaren eesanetan, «erakusketa gune bat baino gehiago, mendia ezagutzeko eta beste begi batzuekin zeharkatzeko ate bat da, bere nortasuna osatzen duten elementu natural, historiko eta kulturalei arreta eskainiz».
«Ulia hiritik pauso batera dagoen naturgunea da, baina baita memoriaz betetako lekua ere. Interpretazio Zentroak balio hori ulertzen laguntzen digu eta zergatik merezi duen zaintzea», adierazi du Iñigo García Ingurumen zinegotziak.
Paisaia ulertzeko zentroa
Interpretazio Zentrora egindako bisitak Uliaren balio nagusietara hurbiltzeko aukera ematen du, modu aktibo eta parte-hartzailean ikasteko diseinatutako erakusketa iraunkor baten bidez. Bere edukiek «inguruneko hainbat alderdi esploratzera gonbidatzen dute, lurralde honek nola funtzionatzen duen eta zerk egiten duen berezi ulertzen laguntzen duten elementu manipulatibo eta interaktiboen bidez», azpimarratu du Orkolagak.
Erakusketak geologiarekin, arrokekin eta lurzoruekin, florarekin eta faunarekin zerikusia duten gaiak jorratzen ditu, baita kostaldeko zati honen ezaugarri diren itsas ekosistemak ere. «Mendiaren historiari, ondareari eta paisaiak giza jardueraren ondorioz izan dituen aldaketei ere arreta berezia eskaintzen die».
Erakusketak aukera ematen du ulertzeko, adibidez, ingurumen-baldintzek — itsasoaren eragina, haizea edo lurzoruaren ezaugarriak — nola erraztu duten habitat askotarikoak agertzea espazio txiki samar horretan. Basoek, txilardiek, hezeguneek eta itsaslabarrek biodibertsitate nabarmena duten ekosistemen mosaiko bat osatzen dute.
Zentroak, gainera, erabilera anitzeko gela bat du proiekzioetarako, hitzaldietarako eta aldi baterako erakusketetarako, bai eta tailer eta jarduera didaktikoetarako gune espezifiko bat ere. Horrela, «proposamena aldizka berritzen da eta Uliako ondarera hurbiltzeko hainbat ikuspegi eskaintzen ditu».
Hormetatik kanpo ere ikasi
Interpretazio Zentroaren erakargarri nagusietako bat da bere dibulgazio-lana ez dela erakusketa-espazioan amaitzen. Mendia bera zentroaren luzapen naturala da, eta bisitaldian ezagutu dena zuzenean esperimentatu, behatu eta deskubritzeko agertokirik onena.
Hurbilketa hori errazteko, bisita gidatuak, tailerrak eta ibilbideak antolatzen dira Uliako hainbat txokotan. Proposamen horiei esker, «paisaiaren elementurik adierazgarrienak bertatik bertara ezagutu daitezke, bertako habitatak identifikatu eta ohiko pasealeku batean askotan oharkabean igarotzen diren xehetasunak aurkitu», nabarmendu du Interpretazio Zentroko arduradunak.
Ingurunea beren erritmoan esploratu nahi dutenek ere badituzte beren ibilbideak antolatzeko baliabideak. Cristina Enea Fundazioak hainbat ibilbide tematiko proposatzen ditu mendiaren eta haren ondarearen hainbat alderdi ezagutzeko aukera ematen dutenak. Horiei orientazio-zirkuitu batzuk gehitu behar zaizkie, bidezidorrak mapa bati jarraituz zeharkatzeko diseinatuak eta baliza desberdinak aurkituz. Lurraldea ezagutzeko modu entretenigarria, aire zabaleko jardueraz gozatzen den bitartean.
«Ulia ezagutzeko modurik onena beratik ibiltzea da. Donostiarrak eta bisitariak erdigunetik igaro eta ondoren mendira irtetera animatzen ditugu, bisita gidatu batean edo beren kabuz», gaineratu du Garciak.
Esperientzia osatzeko, ingurumen-hezkuntzari lotutako kanpoko bi espazio daude: baratze ekologiko txiki bat, ura birziklatzeko eta konpostatzeko sistemekin hornitua, eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin lankidetzan sortutako putzu artifizial bat. Bi baliabide horiek aukera ematen dute lehen eskuko prozesu naturalak behatzeko eta ekosistemen funtzionamendura hurbiltzeko, batez ere hezeguneekin lotutakoak.
Istorioz betetako mendia
Ulia ez da bere ingurumen-balioengatik bakarrik nabarmentzen. Itsasoaren ondoan duen kokapen estrategikoari eta Donostiatik gertu egoteari esker, mendeetan zehar, paisaian arrasto sakona utzi duten hainbat jarduera eta gertakariren agertoki izan da.
Antzina, baleak ikusteko talaia gisa erabiltzen ziren gune garaiak eta harkaitz-formazioak, eta jarduera horrek garrantzi handia izan zuen euskal kostaldeko itsas historian. Geroago, XX. mendearen hasieran, mendia aisialdirako leku garrantzitsua bihurtu zen Donostiako gizartearentzat, bereziki Belle Époque garaian. Garai hartakoak dira, halaber, azpiegitura berezien aztarnak, hala nola Ulian funtzionatu zuten tranbia elektrikoa eta aireko transbordadorea.
Elementu horiei beste aztarna historiko batzuk, bide tradizionalak eta eraikuntzak gehitu behar zaizkie, espazio horrek izan dituen erabilerak berreraikitzeko. Uliako ondarea paisaia bizia da, naturaren eta pertsonen arteko etengabeko elkarreraginaren emaitza.
Interpretazio Zentroak memoria hori berreskuratzen eta zabaltzen laguntzen du, aztarna horiek ezagutzeko eta mendian egiten diren ibilaldietan haien esanahia ulertzeko gakoak eskainiz.
«Ulia mendeetan zehar nola erabili den jakitea, baleazaleetatik hasi eta Belle Époqueraino, hiri gisa dugun oroimenaren parte da. Aztarna horiek berreskuratzea eta azaltzea babesteko modu bat ere bada», amaitu du zinegotziak.