Berriak

2026/11/9 Ingurumen albisteak

Konpromisoetatik klima ekintza zehatzetara jauzi egin nahi du COP31ren presidentetzak

Gaur hasiko da COP31 goi bilera, Turkiako Antalya hirian. Aurrez hitzartutako neurriak praktikan jartzea izango dute helburu nagusi aurten. Jatorrizko irudia eta albistea: www.berria.eus.


Badira hainbat urte zientzialariak klima larrialdiaren berri ematen ari direla. Ezohiko bero boladak, baso suteen areagotzea, hondamendi naturalen ugaritzea... Egoerak okerrera egin du munduan, eta horri aurre egiteko egin ohi dute urtero COP goi bilera —Conference of Parties ingelesez—, eta 31. aldia izango du aurten. Gaur hasiko da, eta ia bi aste iraungo du, azaroaren 20ra arte, nahiz eta azken urteetan ohikoa den negoziazioak bigarren asteburura luzatzea. Brasilgo Amazoniako Belem hiritik Turkiako Antalya hirira joko du.

Goi bilera Turkian egingo den arren, Australiarekin banatuko du konferentzia zuzentzearen ardura. Turkiak anfitrioi lanak egingo ditu, eta logistikaz arduratuko da. Australiak, berriz, negoziazioen gidaritzaren ardura izango du; presidentetza, azken finean. Hainbat herrialdetako gobernuk, zientzialarik, aktibistak, diplomazialarik, herri indigenak eta klima aldaketaren ondorioz kaltetuak diren zenbait komunitatek hartuko dute parte Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmenaren urteroko konferentzian, eta helburua azken urteetako bera izango da: nazioarteko gobernuek irtenbide zehatzak sustatzea klima krisiari aurre egiteko eta kalte gehiagorik ez izateko.

Aurtengo testuingurua ez da berria, baina egoerak okerrera egin du. NBEk zabaldutako informazioaren arabera, nazioarteko klima akordioek berotze globalaren proiekzioak murrizten lagundu dute. Lau graduko berotzea gainditzen zuen agertoki bat aurreikusi zuten, eta 2,6 gradu inguruko estimazioetara igaro dira orain. Hala ere, klima aldaketari buruzko 2015eko Parisko Hitzarmenak jarritako helburu nagusietako bat zen planetaren tenperaturaren igoera 1,5 gradura mugatzea kasu onenean —industria aurreko tenperaturarekin alderatuta—, eta kosta ahala kosta bi graduko berotzea ez iristea. Eta hori urrun dago gaur egun.

Aurtengo COP31 goi bilerak helburu argi bat dauka horrekin lotuta: tenperatura anomalia hori ez gainditzearen helburuari eusteko gai diren neurriak ezartzea eta finantzatzea. Izan ere, NBEk irailean argitaratu zuen txosten batean adierazi zuen, lehen aldiz, helburu hori lortzea ezinezkoa izango dela; NBEk ziurtzat jo du tenperatura igoera hori hamarkada honen amaieran gaindituko dela Lurrean.

Adituek hainbat bider adierazi dute askotariko gobernuek hartutako neurriak ez direla nahikoak, eta geroz eta presio handiagoa daukate emisioen murrizketa bizkortuko duten eta erregai fosilak uztea ahalbidetuko duten neurri zehatzak adosteko. Hortaz, COP31 erronka bat ere izango da gobernu horientzat, bertan ikusiko baita prest ote dauden erregai fosilen mendekotasunik handiena daukaten eredu ekonomikoak eraldatzeari bide eman diezaioketen erabakiak hartzeko.


Jarraitu jatorrizko albistea irakurtzen hemen.