Berriak

2026/10/19 Ingurumen albisteak

Arrezifeen zuritzea, klima aldaketaren sintoma garbia

XX. mendearen amaieratik asko maiztu dira koralak zuritzen dituzten gertakariak, eta espezie kolonial horiek gero eta denbora gutxiago dute leheneratzeko. Itsasoa berotu izana da arrezifeak soiltzearen eragile nagusia. Jatorrizko albistea eta irudia: www.berria.eus.


Euskal herritar askori arrotzak egingo zaizkie koralezko arrezifeak, gure kostaldean ez baitago halako egiturarik. Halakoak ikusteko, ur epelagoak dituzten itsaso ez oso sakonetara joan beharra dago; hori dela eta, erreferentzia nagusiak dokumentaletakoak eta filmetakoak dira. Hala ere, Euskal Herriko mendi mordotan arrezifeen aztarnak ikus daitezke, Kretazeoan itsaspean baitzegoen Euskal Herriaren zati handi bat, eta gaur egun kostaldetik gertu dauden eskualdeetan sakonera txikiko itsaso bero bat baitzegoen.

Gaur egun, baina, bereziki Ozeanian, Asia hego-ekialdean, Karibe itsasoan, Indiako Ozeanoan eta Arabiar penintsularen inguruan daude koralezko arreziferik handienak. Munduko ozeanoen %0,1 soilik hartzen dute arrezifeek; huskeria bat badirudi ere, ezinbesteko funtzioak betetzen dituzte. Esaterako, itsasoko espezie guztien %25en etxe dira arrezifeak. Horrez gain, kostalde askotan olatuen indarra apaltzen dute, eta horrek nabarmen laguntzen die kostalde askotan bizi diren komunitateei.

25 gradu inguruko tenperatura da egokiena halako egiturentzat, baina, ura hortik gora berotzen denean, eragin handia izaten du horrek. Itsasoa asko berotzen denean, koralak hil egiten dira, eta arrezifeen kaltzio karbonatozko egiturak soilduta geratzen dira, zurituta. Azken hamarkadatan zuritze garaien maiztasuna handitu egin da, baita indarra ere. Koralezko Arrezifeen Behaketarako Munduko Sareak egitura horien egoera berrikusi zuen 2025ean, eta irailean argitaratu zuen txostena. BERRIAk ikerketaren zuzendariarekin hitz egin du, Manuel Gonzalez Riverorekin, eta azaldu du oso larria dela arrezifeetako koralak soiltzen dituzten gertakariak maiztea, ez baitie denbora ematen leheneratzeko.

Itsasoaren tenperatura, funtsezko
Ozeanoetako tenperaturaren aldaketek arrezifeetan nola eragiten duten azaldu du Gonzalez Riverok. Antza, arrezifeen hilabeteko batez besteko tenperaturak gradu zentigradu bat gora egiten duenean, animaliak estres termikoa sufritzen hasten dira: «Estres hori itzulgarria izan daiteke tenperatura bero horrek egun gutxi batzuk baino ez badu irauten. Baina, astebetetik gora irauten duenean, arrezifeetako alga mikroskopikoaren eta koralen artekoa toxikoa bihurtzen da, eta koralak jateko faltagatik hiltzen dira».


Jarraitu jatorrizko albistea irakurtzen hemen.