Uztailaren 3tik 5era TaunTaun Teatroa taldeak Cristina Enean ikusgai izango duen erakusketa aurkitutako objektuekin sorturiko instalazio teatral berezia izango da. Era berean, erakusketako objektuak sortzeko teknika bera ikasteko tailerra eskainiko da Ulia Interpretazio Zentroan, uztailaren 11n (izen-emateak irekita hemen).
Egun gutxi egongo da Tinglaua erakusketa Cristina Enean, baina bertaratzen direnek guztiz ezezaguna zaien mundu batean murgiltzeko aukera paregabea izango dute. Izan ere, Taun Taun Teatroa taldeak antolatu duen instalazio teatrala manipulazioaren mundua eta objektu-txotxongiloa sortzearena publikoari hurbiltzeko beeharretik sortu da. Arduradunek zehazten duten bezala, «instalazio honetan publikoa ez da ikusle soil gisa ulertzen, aktore manipulatzaile gisa baizik». Hala, garrantzitsuena espazioan egiten den interbentzioa da, objektuak manipulatzeak sortzen duen gozamena, jolas teatrala, eta bisitarien arteko harremana.
Bestalde, Iñigo García Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak nabarmendu duenez, «Tinglaua erakusketak erakusten du hondakintzat jotzen ditugun objektu askok bigarren bizitza bat izan dezakete sormenaren eta irudimenaren bidez. Materialak berrerabiltzeak, hondakinak murrizteaz gain, gure ingurua beste begi batzuekin begiratzera eta dagoeneko ditugun baliabideak baloratzera ere gonbidatzen gaitu».
Era berean, horrelako proposamenak haurrei hurbiltzearen garrantzia azpimarratu du: «Ingurumen-sentsibilizazioa txikitatik hasten da. Horrelako jarduerek aukera ematen dute haurrek ikasteko, jolastuz eta sortuz, materialak berrerabiltzea bezalako keinu txikiek alde handia eragin dezaketela ingurumenaren zaintzan. Jasangarritasun-, sormen- eta naturarekiko errespetu-balioak sustatzeko oso modu eraginkorra da».
Erakusketa honek txotxongiloaren bilaketa bide batean bihurtzen du, bertan ikusgai dauden txotxongiloak «kale, hondartza, errepide, trasteleku edo garajeetan aurkitu ditugun -edo aurkitu gaituzten- objektuez eta materialez osatuta» baitaude. Horregatik, objektuek beren arima propioa dute, beren mugimendua eta begirada agerian jarriz.
Erakusketa uztailaren 3tik 5era egonggo da ikusgai Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxearen atzeko zelaian, eta arduradunek bisita gidatuak egingo dituzte, ordutegi hauetan (ordutegi orientatiboak, aforoaren arabera):
- Uztailak 3, ostirala: 17:00 | 17:40 | 18:15
- Uztailak 4, larunbata: 11:00 | 11:45 | 12:30 | 13:15 | 17:00 | 17:40 | 18:15
- Uztailak 5, igandea: 11:00 | 11:45 | 12:30 | 13:15
Tailerra Ulian
Erakusketaren jarduera paralelo gisa, uztailaren 11n, aurkitutako edota berrerabilitako objektuekin txotxongiloak egiteko tailerra izango da Ulia Interpretazio Zentroan, Zuhaitz panpina izenekoa. Basoan aurkituko dugu pertsonaia desberdinak sortzeko behar dugun materiala eta inspirazioa, ondoren txotxongilo bihurtu eta bizia emateko. Jarduera, 7 urtetik gorako haurrei zuzenduta, euskaraz izango da, 11:30ean hasita, Ulia Interpretazio Zentroan bertan. Izen-emateak hemen (2 euroko fidantza pertsonako).