Berriak

2026/6/24 Cristina Enea Fundazioa

Zinea, natura eta auzoa: aire zabaleko kultura irisgarri baten proposamena

Aurten ere, Cristina Enea Fundazioaren aire zabaleko ingurumen-zinemak magiaz eta naturaz beteko ditu Donostiako udako gauak. Uztailaren 3an hasiko den zikloaren 13. edizio honetan, ingurumen-gaiei lotutako filmak proiektatzeaz gain, Cristina Enea parkearen lehen mendeurrenari keinu bat egin nahi izan zaio, eta proiekzio guztiak Egiako parke enblematiko honetan egingo dira.


Cristina Enea Fundazioaren aire zabaleko zinema zikloaren 13. edizioa bere hastapenetara itzuliko da, eta proiekzio guztiak Cristina Enea parkean egingo dira. Eta horren arrazoia da gune hau herritarrei ireki zitzaieneko lehen mendeurrena ospatzeko, Mandasko dukeen nahiak betez.

Hala, aurten, ingurumen-gaiekin lotura izateaz gain, proiektatuko diren filmek keinu bat egingo diete 1926. urteari edo parkeei, ingurumen-aberastasun handia duten espazio gisa.

Ziklo honek hamahirugarren edizioa du jada, eta udako hilabeteetan herritarrek gehien baloratzen dituzten kultura-jardueretako bat bihurtu da, bai edukiagatik, bai formatu irisgarri, doako eta familiarragatik.

Proiekzioak Cristina Enean izango dira, beti 22:30ean, eta sarrera librea izango da lekua bete arte.

Testuinguru horretan, Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotzi Iñigo Garciak azpimarratu duenez, «ziklo hau hiriko kultura ulertzeko modu oso berezi bat da: aire zabalean, naturarekin harremanetan eta gure nortasun kolektiboaren parte den espazio batean. Cristina Enea parkea berreskuratzeak indartu egiten du ondare naturalaren, hiri-bizitzaren eta bizikidetzaren arteko lotura».

Aire zabaleko zine-zikloaren lehen edizioak Cristina Enea parkean egin ondoren, zikloak bere ekintza-eremua zabaldu izan du, eta kultura auzo guztietara hurbiltzearen aldeko apustua egin du hainbat ediziotan.

Horrela, bost urtez jarraian, kultur zirkuitu handien parte izan ohi ez diren baina publiko leial eta sutsua duten guneetan ere egin dira proiekzioak, hala nola Araba (Amara), Harria (Altza) edo Salvador Allende (Bidebieta) parkeetan. Aurten, ordea, Cristina Enea parkea izango da protagonista bakarra.

Aurtengo programazioak gustu eta adin guztietarako izenburuak biltzen ditu: El maquinista de la general kultuzko klasikotik hasi eta Belle Époque oscarduneraino, Cariño, he encogido a los niños komedia familiarretik pasatuz.

Horrela, film bakoitza modu berezi batean egongo da edo naturari, edo 1926. urteari, edo parkeei.

Zinegotziaren hitzetan, «honelako proposamenek erakusten dute ingurumen-kulturak ez duela zertan akademikoa edo urruna izan; hurbilekoa, partekatua eta erabat integratzailea izan daiteke. Udako zinema hau hiria beste era batera bizitzeko gonbidapena da, ingurunea zainduz eta guztionak diren espazioetan lotura komunitarioak indartuz».

Pelikulen datak, kokapenak eta sinopsia
Jarraian, 2026ko aire zabaleko ingurumen-zinemaren zikloaren barruan proiektatuko diren filmen datak zehazten dira:

· Eguna, ordua eta lekua: Ekainak 3, ostirala, 22:30ean, Cristina Enea parkea (Egia)
· Izenburua: Cariño, he encogido a los niños (Joe Johnston, 1989)
· Sinopsia: Wayne Szalinski objektuen tamaina txikitzeko makina garatzen duen zientzialari eta asmatzailea da. Beisboleko pilota batek halabeharrez aktibatzen du makina bere seme-alaben gainean, eta benetako abentura biziko dute lorategiko soropila etxeraino zeharkatu nahian, orain haientzat benetako "oihan" bihurtua.

· Eguna, ordua eta lekua: uztailaren 10ean, ostirala, 22:30ean, Cristina Enea parkean (Egia)
· Izenburua: El maquinista de la general (Buster Keaton, Clyde Bruckman, 1926)
· Sinopsia: Johnny Gray (Buster Keaton) makinista da AEBetako Hegoaldeko estatu batean, eta bi maitasun handi ditu: neska bat (Anabelle Lee) eta tren-makina bat (La General). 1861ean, Sezesio Gerra hasi zenean, Johnny izena ematen saiatu zen, baina armadak uste zuen baliagarriagoa izango zela atzeragoardian lan egitea. Anabellek,
ordea, koldarra dela uste du, eta baztertu egiten du. Makinistak bere benetako balioa frogatu ahal izango du lerro konfederatuetan infiltratutako iparraldeko komando batek "La General" lapurtu eta Anabelle bahitzen duenean. Johnnyk ez du zalantzarik izango une batez beste tren-makina batera igo eta yankien atzetik joateko bere bi maiteak berreskuratzeko.

· Eguna, ordua eta lekua: uztailaren 17an, ostirala, 22:30ean, Cristina Enea parkean (Egia)
· Izenburua: Belle Époque (Fernando Trueba, 1992)
· Sinopsia: 1931ko negua. Fernandok armadatik ihes egitea erabakiko du eta landetxe batean babestuko da. Bertan, Manolo margolari xelebreak harrera ona egingo dio, bere ideia politikoen ondorioz erretiratuta bizi baita. Mutilak harremanak ditu bere babeslearen lau alabekin (Rocio, Violeta, Clara eta Luz), eta ez daki oso ondo zeinekin dagoen maiteminduta.