Berriak

2026/6/22

Udari hasiera emateko programazio zabala izango dugu Cristina Enean, Ulian eta Urgullen

Atzotik, ekainak 21 larunbata, 10:24ean, urteko urtarorik argitsuenean gaude, udan. 93 egun eta 16 orduko iraupena izango duen urtaro bat, datorren irailaren 23ra arte, udazkena hasten denean. Horrela, datozen hiru hilabeteetarako Cristina Enea Fundazioak adin guztietako jendearentzako jarduerez beteriko agenda diseinatu du, hala nola aire zabaleko zinema emanaldiak, txangoak, erakusketak, ikastaroak eta tailerrak. Izen emateak zabalik bihartik aurrera, ekainak 23, asteartea.


Badatoz urteko egunik luzeenak eta beroenak, eta Cristina Enea Fundazioak 2026ko Udarako Jardueren Agenda aurkeztu du. Berrogeita hamar bat jarduera, herritarrak naturara eta iraunkortasunera hainbat esparrutatik hurbiltzera gonbidatzeko.

Ildo horretan, Iñigo García Ingurumen zinegotziak nabarmendu duenez, «udako programazio honek gure naturaguneek ikasteko eta gozatzeko leku bizi gisa duten zeregina indartzen du, jasangarritasuna adin guztietara hurbilduz, proposamen irisgarrien, hezigarrien eta ingurunearekin harreman zuzenean daudenen bidez».

Ohiko ekimenez gain (erakusketak, hitzaldiak...), udan Urgulleko Natur Txokoa zabalduko dugu berriro, haurrentzako jarduera didaktiko eta ludikoak eskaintzeko. Baina udako ekimen bereizgarriena aire zabaleko zinema zikloa izaten jarraitzen du, aurten hiru emanaldirekin (xehetasunak datorren asteazkenean, ekainak 24, iragarriko dira prentsaurrekoan).

Agenda ostiral honetan bertan hasiko da, ekainaren 26an, Roberto Chartam artista bilbotarraren Ura besterik ez erakusketaren inaugurazioarekin. Artistak berak «artearen eta arkitekturaren arteko loturatzat» jotzen duen erakusketa da, non jarraibide geometrikoek agerian uzten duten natura eta hura arautzen duten lege matematikoak beren testuinguruaren barrukotzat hartzen direnean bakarrik uler daitezkeela osoki.

Cristina Enean, Urumeako Atlas Emozionala eta Tinglau: Taun Taun teatro erakusketak ere bisitatu ahal izango dira. Azken hori naturako elementuekin sortutako txotxongiloen erakusketa interaktibo bat da, eta haurrentzako tailer bat izango du Ulian, basoak eta gure inspirazioak eskaintzen dizkiguten materialak erabiliz pertsonaiak egiten ikasteko.

Irteeren eta tailerren programa osatzeko, Santa Klara uhartera bisita egingo da, Parketik parkera proiektuaren barruan, Añarbeko presara irteera bat eta udako arte laborategia, linograbatua ezagutu eta esperimentatzeko.

Ulia eta Urgull
Urgull mendiko Natur Txokoa egunero egongo da zabalik, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, haurrentzako eskulan eta tailer ludiko eta didaktikoekin, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta jarduera bereziekin astearte eta asteazkenetan, 17:00etan.

Bestalde, Uliako Interpretazio Zentroa udan ere egongo da zabalik, asteartetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Urte osoan bisita daitekeen erakusketa iraunkorraz gain, udan Natura ere bagara erakusketa inauguratzen da, non hainbat ikastetxetako ikasleen sormen lanak aurkezten diren.

2026ko udako agenda honen programazio osoa kontsultatzeko, sartu www.cristinaenea.eus webgunean. Webgunean bertan eskuragarri dauden jardueretan izena emateko epea bihar irekiko da, ekainaren 23an.