Berriak

2026/6/18

TotalEnergies, Shell, Naturgy... Europako energiaren erraldoiak ‘greenwashinga’ egiteagatik salatu dituzte

Europako Kontsumitzaileen Erakundeak jarraipena egin die urtebetez multinazional horiei, eta ondorioztatu du marketina erabilita "aurpegi garbiketa berdea" egiten dutela trantsizio energetikoaren kaltetan. Europako Batzordearen aurrean salaketa jarri du, hainbat herrialdetako kontsumitzaileen elkarteekin batera. Jatorrizko albistea: www.argia.eus.


Europako Kontsumitzaileen Erakundeak (BEUC, frantsesezko siglak) energiaren arloan nagusi diren multinazionalei urtebetez jarraipena egin die eta haien inguruko txostena argitaratu du, kontsumitzaileen eta herritarren aurrean duten greenwashing edo "aurpegi garbiketa berdea" aztertzeko. Eta dokumentu hori eskuan, salaketa jarri du Europako Batzordearen aurrean ENGIE, Eni Plenitude, Shell eta TotalEnergies enpresen aurka, "baieztapen ekologikoak egiten herritarrak engainatzeagatik".

Azaldu duenez, multinazional horiek euren produktuak sustatzen dituzte "berde" itxura emanda edo energia berriztagarriekin lanean ari direla esanda, baina egiaz energia fosilak dira euren jardueraren oinarri nagusia. Karbonoarekin ere antzera gertatzen da: "zero" emisio neto izateko helburua dutela diote, eta horretarako munduan barrena programak dituztela –ENGIEk, esaterako, baso landaketak egiten dituela argudiatzen du–, "nahiz eta benetan erregai fosiletan azkarki inbertitzen jarraitzen duten". 

Beste kasu batzuetan, engainua erabatekoa da: TotalEnergies-ek, adibidez, baieztatu du gas fosila "berdea" dela edo beste fosil batzuek baino CO2 gutxiago isurtzen duela, nahiz eta petrolioak edo ikatzak bezainbesteko eragin klimatiko kaltegarria izan dezakeen, txostenean argitu dutenez. 

BEUCen esanetan, aurpegi garbiketa berde horrek ziurgabetasuna sortu eta kontsumitzaileak etsiarazten ditu, eta azken batean, "trantsizio energetikoa mantsotzen du".

Praktika horren legezkotasuna ere aztertu eta zalantzan jarri dute txostenean: Europako zuzentarauek debekatzen dute "baieztapen faltsuak edo engainagarriak" egitea, eta kasu zehatz honetan, "baieztapen ekologiko orokorrak" egitea. Baieztapen horien bidez, multinazionalek etekinak ateratzen dituzte, kontsumitzaileak prest baitaude gehiago ordaintzeko ingurumena errespetatzen duen produktu batengatik, nahiz eta finean ez den horrela. Bide horretatik, milioika kontsumitzaileren poltsikoak hustea egozten diete energia enpresei.


Jarraitu jatorrizko albistea irakurtzen hemen.