Zikloteka, Gipuzkoako Bizikletaren Dokumentazio Zentroa sustatzen duten erakundeek, Cristina Enea Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, hitzarmen berri bat sinatu dute aurten, 2015ean bien artean hasitako lankidetza-ildoa indartzeko. Urte hartan hasitako elkarlanak eragin zuen urtebete geroago Zikloteka irekitzea, Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxean.
Datorren 2026an 10 urte beteko dira Zikloteka. Bizikletaren Dokumentazio Zentroa ireki zenetik, Cristina Enea Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatua. Bi erakundeek 2015ean sinatutako Lankidetza Protokolo Orokorrari esker jarri zen abian ekimena formalki.
Azken 10 urteetan, Zentro hau ezinbesteko erreferentzia bihurtu da bizikletaren eta bizikleta bidezko mugikortasunarekin lotutako dokumentazioaren esparruan, etengabe handituz bere funtsak eta bere webgunearen bidez erabiltzaile kopurua sendotuz, urtean batez beste 7.500 bisita inguru lortuz.
2025ean, Cristina Enea Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Jasangarritasun Departamentuaren bitartez, hitzarmen hau berretsi dute berriro. Erakunde bakoitzak 16.000 euroko ekarpena egin du, eta horri esker, Ziklotekak bere sorrera-esparruetan lanean jarraitu ahal izango du, bere jarduera-esparrua indartzeaz gain.
Hala, urteko 32.000 €-ko aurrekontu horri esker, Ziklotekaren funtzionamendua, kudeaketa eta koordinazioa sendotu ahal izan da, eta hainbat ekintza gauzatzeko aukera ere eman du, hala nola azterlan eta txosten propioak argitaratzea, beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea eta sustapen-kanpainak egitea, bai Ziklotekari berari bai dokumentu-funtsari dagokionez.
Ziklotekak bizikletarekin eta bizikletaren eguneroko mugikortasunarekin lotutako dokumentazioa eta materialak eskaintzen dizkie profesionalei, erakunde publiko eta pribatuetako teknikariei, irakasle eta ikertzaileei eta herritarrei, txosten tekniko, monografia, azterlan, ikus-entzunezko material eta beste euskarri batzuen bidez, Donostiako Cristina Enea jauregian dagoen Dokumentazio Zentroa eta bere webgunea baliatuz (www.zikloteka.eus). Halaber, Ziklotekak hainbat ekitaldi eta jardueratan parte hartu du aurten, eta aipagarrienak jarraian zehazten direnak dira.
2025ean egindako jarduera nagusiak
· Joan den maiatzaren 26an, Cristina Enea Fundazioaren Ingurumen Baliabideen Etxean "Bizikleta partikularrak ostea, saihestu beharreko hiri-fenomenoa" jardunaldi teknikoa egin zen, Ziklotekak antolatuta.
Bizikleta partikularrak lapurtzearen problematikari buruzko dokumentazioan dagoen hutsunea ikusita, eta Ziklotekaren argitalpen teknikoen bilduma aberasteko helburuarekin, gai horri buruzko txosten bat egiteko eskatu zitzaien bizikleta-mugikortasunaren arloan eskarmentu handia duten bi aholkulariri: Esther Anaya Boig eta Jenny Douch.
Azterlan hori aurkezteaz gain, hainbat adituk ere parte hartu zuten jardunaldian, gai horri buruz hitz egiteko eta eztabaidatzeko. Hala, egileetako batek, Esther Anayak, aurkezpena egin ondoren, Josu Garcíak (Donostiako Udaleko Udaltzaingoa), Sílvia Casorránek eta Nacho Junoyk (Bizikletaren aldeko Hiri eta Lurraldeen Sarea. BiciRegistro), Julen Izagirrek (Kalapie, Donostiako hiriko txirrindularien elkartea) eta Juan Carlos Escuderok (Gasteizko Udala) hartu zuten parte mahai-inguruan.
· Ekainaren 26tik 29ra, "Bizikleta eta hiria" 21. Biltzar Iberikoa egin zen Santiagon, ConBicik antolatuta. Zikloteka sustatzen duten erakundeetako (Cristina Enea Fundazioa eta Gipuzkoako Foru Aldundia) ordezkariak bertaratu ziren, hainbat mahai-inguru, eztabaida eta ekitalditan parte hartzeko.
Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotziak, Cristina Enea Fundazioaren izenean, Ziklotekari buruzko hitzaldia eskaini zuen, bere lan ildoak, helburuak eta sorreratik egindako ibilbidea azalduz.
· Urte amaieran, azaroaren 3an, "Emakumeak bizikletaz euskal hiriburuetako kaleetan zehar. Diagnostiko parte-hartzailea genero-ikuspegiarekin" ikerketaren aurkezpena jaso zuen bere egoitzan, Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa-lanei ematen dien bekaren emaitza, alegia.
Ikerketa Laura Latorre Hernando ikerlari, prestatzaile, narrazio terapeuta eta hiriko txirrindulariak eta Guillermo Vera Idoate antropologia eta etika ekologikoan espezialista eta txirrindulari aktibistak egin dute, bizikleta hiriko garraio gisa erabiltzen duten emakumeen elkarrizketak eta kontakizunak oinarri hartuta.
Aurkezpenean parte hartu zuten ikerketaren bi egileek, Noemí Ostolaza Emakundeko idazkari nagusiak, Gloria Vázquez Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Administrazioko zuzendariak eta Iñigo García Donostiako Udaleko Aniztasun, Inklusio eta Ingurumen zinegotziak.