Berriak

2025/5/29

Eskola Agenda 2030. Ikasturtean zehar mugikortasun jasangarriari buruz eginiko diagnostikoa helarazi diete ikasleek udal ordezkariei

Atzo, maiatzaren 28an, Donostiako Udaletxeko udalbatza aretoan ospatu zen udal foroan, aurtengo ikasturtean eginiko diagnostikoaren ondorioak, hartutako konpromisoak eta Udalari egin dizkioten proposamen eta eskaerak aurkeztu dituzte ikasle ordezkariek. Ekitaldian izan dira, udal ordezkarien izenean, Eneko Goia alkatea, Olatz Yarza Mugikortasun zinegotzia, Igor Gonzalez Donostiako Tranbia Konpainiaren zuzendaria eta Iñigo García Ingurumeneko zinegotzia.


Donostian Eskolako Agenda 2030 programan parte hartzen duten 27 ikastetxeak mugikortasun jasangarriaren gaian, eta, bide batez, 11. GJHan, murgilduta ibili dira ikasturtean zehar. Ikasturteari hasiera eman zitzaion ikasleak gaiaren inguruan sentsibilizatzen eta jabetzen nolakoak diren norberak egiten dituen mugimenduak egunean zehar. Jasangarriak al gara?

Horretarako, bi diagnostiko egin dituzte, bata eskolakoa eta bestea hirikoa. Eta hurrengo ondorioetara iritsi dira:

    • Hiriak trafiko ugaria du, batez ere ikastetxeetako sarrera irteeretan. Horrek segurtasun arazoak sortzen ditu oinezkoengan.
    • Bestalde, hirian bidegorri sarea nahiko zabala da, baina ekialdeko auzoetan guztiz garatu gabe dago.
    • Garraio publikoa ere egon badago, baina ez du maiztasun berdina auzo guztietan.

Egoera hobetzeko, ikasleek konpromiso batzuk hartu dituzte, baina ikasleen esku ez dagoena Udalari eskatu diote atzo ospatu zen Udal Foroan. 

Aldez aurretik, 27 ikastetxeek amankomunean jarri behar izan dituzte egindako diagnostikotik ateratako ondorioak, hartutako konpromisoak eta Udalari egin nahi zizkioten proposamen edo eskaerak. Horretarako, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean elkartu dira ikasturtean zehar, “Ikasleen Foroak” deritzen bileretan. Horietara ikastetxeetako eko-ordezkariak hurbildu ziren eta lanketa auzoka egin zen. Ikastetxearen kokapenaren arabera egin ziren bilerak, auzoko arazoei buruz hitz egiteko. 

Lanketa horren emaitza da Udaletxera eraman dutena, bertan antolatu den Udal Foro berezi batetara, eta bertan izan dira Eneko Goia alkatea, Olatz Yarza Mugikortasun zinegotzia, Igor Gonzalez Donostiako Tranbia Konpainiaren zuzendaria eta Iñigo García Ingurumeneko zinegotzia, bai eta Udal korporazioko hainbat ordezkari ere.

Udal ordezkariek azpimarratu dute mugikortasunaren auzia gai konplexua eta erpin asko dituena dela, baina honelako ekimenekin eta gizarte osoaren inplikazioarekin eta konpromisoarekin mugikortasunak sortutako arazoei aurre egiteko moduan izango garela. Era berean, txalotu dituzte ikasleen ekarpenak, proposamenak eta iradokizunak.