Berriak

2026/10/23

Hazieran tokiko arto-barietateak berreskuratzeko esperientziari buruzko aurkezpena egingo da

Haziera hazien artxiboak Nafarroako iparraldeko lau ibarretan egindako tokiko arto barietateen prospekzio baten emaitzak ezagutzera emango ditu urriaren 29an, 18:00etan, Cristina Enean. Jon Harlouchet Ipar Euskal Herriko ekoizle ekologiko eta arto gorriaren berreskurapenaren bultzatzaileak ere parte hartuko du jardunaldian, eta Euskal Herrian hazien kontserbazioan eta arto ekologikoaren kontsumoaren sustapenean izandako esperientzia nabarmenetako bat zuzenean ezagutzeko aukera izango da.


Tokiko artoa erakusketa abenduaren 21era arte dago ikusgai Cristina Enean, eta 2025ean Cederna-Garalur tokiko garapen agentziak, Zubietako Udalaren laguntzarekin, bultzatutako proiektu baten esparruan egindako prospekzio lanaren emaitzak biltzen ditu. Lan honen helburua izan da haran horietan oraindik kontserbatzen diren tokiko arto-barietateak identifikatzea eta ezaugarritzea, bai eta bide kolektibo posibleak aztertzea ere, haien jarraipena laborantzaren bidez bermatzeko.

Marc Badal Haziera proiektuaren arduradunak azaldu duenez, ildo horretan aurrera egiteko, proiektuak «tokiko ekoizle txikiekin, bereziki ekologikoekin, elkarlanean aritzea planteatzen du, barietate horiek beren laboreetan txerta ditzaten, eta talogileen taldeak sentsibilizatzea bertako artoetatik datozen irinak erabiltzearen garrantziaz». Epe ertain eta luzerako apustua da, eta lehen urratsa «dagoen aniztasuna ezagutzea eta dokumentatzea» izan da.

Ildo horretan, Iñigo García Ingurumen zinegotziak biodibertsitatea eta nekazaritzari lotutako ezagutza tradizionalak babesten lagunduko duten ekimenak bultzatzearen garrantzia azpimarratu du. «Bertako barietateak kontserbatzea gure historiaren eta kulturaren zati bat gordetzea ere bada. Haziera bezalako proiektuek ondare hori berreskuratzen eta partekatzen laguntzen digute, eta, aldi berean, ekoizpen- eta kontsumo-modu jasangarriagoak eta lurraldearekin lotuagoak sustatzen dituzte», adierazi du.

Arto gorria: hamar urte bertako arto barietate bat berreskuratzen eta zabaltzen
Jardunaldia urriaren 29an izanen da, 18:00etan, Cristina Enean, eta Jon Harlouchet Duzunaritzeko (Nafarroa Beherea) ekoizle ekologikoa izango da bertan, arto gorriaren barietatea berreskuratzeko arduraduna eta izen bereko elkartearen bultzatzailea. Aurten, elkarteak bere hamargarren urteurrena ospatuko du, barietate tradizionalak berreskuratzeko eta arto ekologikoaren kontsumoa sustatzeko erreferentziazko esperientzia gisa finkatua.

Arto gorria elkarteak Ipar Euskal Herriko hamabost ekoizle ekologiko baino gehiago biltzen ditu. Ekoizle horiek barietate hori lantzen dute, Euskal Herriko antzinako artoetatik abiatuta. Marka komun baten pean, hainbat produktu merkaturatzen dituzte, hala nola alea, irina eta polenta. Elkarteak, gainera, harrizko errota ibiltari bat du, finkaz finka mugitzen dena, ekoizle bakoitzak bere uzta eho dezan.

Hamar urte hauetan zehar, Arto Gorriak errekonozimendu handia lortu du Ipar Euskal Herrian zein Frantzia osoan, batez ere sukaldaritzako profesionalen eta elikadura iraunkorrago eta lurraldeari lotuago batekin konprometitutako kontsumitzaileen artean.

Elkarteak harreman estua du BLErekin (Biharko Lurraren Elkartea), Iparraldeko sektore ekologikoa bultzatu eta koordinatzen duen erakundearekin. Manon Mercier BLEko teknikariak ere parte hartuko du, elkarteak hazien eta landatutako biodibertsitatearen inguruan egiten duen lana koordinatzen baitu.

Badalek dioenez, «Harlouchetek Arto gorriaren historia aurkeztuko du, barietate hori berreskuratzeko prozesua eta elkarteak gaur egun egiten duen lana». Jardunaldia «aukera aparta izango da ekoizleen arteko lankidetzak, tokiko eraldaketak eta kontsumitzaileen inplikazioak nekazaritza-ondarea bizirik mantentzen nola lagun dezaketen erakusten duen esperientzia ezagutzeko».

Haziak kontserbatzea, ondare biokulturala bizirik mantentzea
Hazierak tokiko barietateak, ondare biokulturalaren zati gisa ulertuak, kontserbatzeko eta zabaltzeko egiten duen lanaren barruan kokatzen da jarduera. Bere ohiko jardueraz gain — prestakuntza-tailerrak, tokiko barietateen plantelen banaketa, ekimen praktikoak eta bisitak barne —, artxiboak ezagutzak berreskuratzen eta bere hazien ugalketa eta laborantza sustatzen laguntzen duten proiektuak eta topaketak sustatzen ditu.

Hilaren 29ko aurkezpenak bi esperientzia osagarri bateratzea ahalbidetuko du: alde batetik, Nafarroako iparraldeko tokiko arto-barietateen identifikazioa eta ezaugarritzea, eta, bestetik, barietate bat berreskuratzea eta horren inguruan ekoizpen- eta kontsumo-sare bat eraikitzea lortu duen ekimen sendo bat.

Jon Harloucheten presentzia aukera bereziki garrantzitsua da Euskal Herriko mugimendu agroekologikoaren barruan aitortutako ibilbide batera hurbiltzeko eta biodibertsitate landua, ekoizpen ekologikoa eta elikadura-kultura lotzen dituen proiektu baten erronkak eta ikaskuntzak ezagutzeko.