Aukeratutako leloak, #KlimarenAldeOrain, berehala jardutera gonbidatzen du, egokitzapena bakarrik jada nahikoa ez dela baieztatuz, planetak seinaleak bidaltzen dizkigula eta guk ere hari erantzun bat bidali behar diogula azpimarratuz. Jatorrizko albistea: udalsarea2030.eus.
Ekainaren 5ean ospatzen den Ingurumenaren Munduko Eguna 2026 honetan klima-ekintzarako premiazko dei bihurtu da. Planetak bidaltzen ari den seinaleak argiak dira: tenperaturen igoera, itsasoaren mailaren gorakada, sute suntsitzaileen ugaritzea... Aurtengo kanpainaren mezua argia da: munduari erantzunezko seinale bat bidaltzeko garaia da. Eta ekintzarako dei zuzen honetan, tokiko erakundeek funtsezko zeregina dute.
#KlimarenAldeOrain lelopean, Nazio Batuen Ingurumen Programaren (NBIP) kanpainak mundu osoa gonbidatzen du dagoeneko martxan dauden adibide guztien seinaleak zabaltzera, mundua egokitzen den leku hutsa izatetik harago, jasotzen duen informazioari erantzuten dion espazio bihurtuz.
Tokiko erakundeak ekintza horietako askoren sustatzaile dira: berdetzen ari diren hiriak, hobeto drainatzen eta arnasten duten lurzoruak, udal-eraikinetan energia berriztagarriak instalatzearen aldeko apustua, pertsonak erdigunean jartzen dituzten hirigintza-politikak...
Zentzu horretan, tokiko erakundeek funtsezko eginkizuna dute, eta Ingurumenaren Munduko Egun honek bozgorailu izan nahi duen ehunka ekimenen iturri izan daitezke. “Irakurri zure inguruko seinaleak. Eta bidali bat bueltan”, gonbidatzen du NBIPek. Horretarako, ekintza bakoitza seinale bat izan daitekeela uste du: irtenbide bat ezartzea, elkarrizketa bat hastea, politika bat birbideratzea...
Kanpainarekin bat egitea hainbat modutan gauza daiteke: Munduko Egun honen esparruan ekitaldi bat munduko mapan erregistratzea, muturreko bero-boladetarako hiri-eremuak prestatzea helburu duen ‘50 cities at 50º’ ekimenarekin bat egitea edo NBIPek kanpainaren oihartzuna handitzeko prestatu dituen materialak partekatu eta zabaltzea.
Materialak euskaraz eta gaztelaniaz daude eskuragarri, eta toki entitateen eskura, #KlimarenAldeOrain kanpainarekin bat egiteko eta Euskadi tokikotik eraikitzen den ekintza klimatiko baten ildoan dagoela erakusten duten seinale guztiak mundura bidaltzeko. Deskargatu eta partekatu ditzakezu zure plataformetan.